Txundituta Israelen ezkutu-sistemak Irandik jaurtitzen diren misilak zelan geratzen dituen ikusten. Txundituta, eta izututa, beldurtuta, ikaratuta. Eta orain zer? Zer dator gero? Zergatik ezin du inork Israel geratu?
Eta nire oroimenera etorri dira Bergarako Ipintza institutuan telebista-gelan erakutsi zizkiguten Kuwaiten kontrako erasoaren irudiak. Orduan telebistaz zuzenean ematen zen lehenengo inbasio-gerra zela esaten zen. Gu 1990-1991ko ikasturtean ginen, eta Irakek Kuwait inbaditu zuen 1990eko abuztuaren 2an. Ez daukat oso gogoan noiz erakutsi zizkiguten irudiak Arteko eskola-orduan. Ikasturtea irailean hasi genuenez, eta Golkoko gudak 1991ko otsailera bitartean iraun zuenez, hor tartean beharko du. Baina orduan ere ikusi genituen, pantailan, bonbardaketak. Orduko hartan Estatu Batuen esku-hartzearen operazioari Desertuko ekaitza deitu zioten. Jakina, orduan ere Estatu Batuak baitzeuden gerran sartuta.
Horixe etorri zait gogora azaroko hauteskundeetara aurkeztuko ez den Joe Biden hango presidentea entzun dudanean esaten, enegarrenez, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea duela –hark bakarrik izango balu legez– eta eurek lagunduko diotela horretan –beste inoren alde egin ote dute inoiz, ala?–. Aurreko mendeko eraso haren ondotik, Iraken kontrako enbargo gogorra bultzatu zuen Nazio Batuen Erakundeak –gero etorri ziren Iraken gainerako kapituluak, Saddam Husseinen urkatzea...–.
Oraingoan, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia persona non grata izendatu du Israelek. Badaezpada egingo ote zuen?
Bitartean, ordea, inongo herrialdek ez du Israelen kontrako neurri irmorik hartuko, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu Ekialde Hurbila bere erara egokitzeko sutsuki lanean ari den arren. Berdin dira Gazan eraildakoak, Libanon, Yemenen... Benetan Europako eta, oro har, Mendebaldeko agintariak arduratzen dituena da Israelek, dioten bezala, Irango petrolio-azpiegituren kontra joko duen. Izan ere, horrek zuzenean eragingo digu, poltsikoan. Dirutza egin armak ekoitzi eta saltzen; gerrak sortu armen beharrizana justifikatzeko; eta albo-kalteak... ze albo-kalte?