Turingian izan da, garai bateko Alemania Ekialdean, Mendebaldeko kapitalismora Berlingo harresia jausi ondotik batu zena. Aldi berean, El Pais egunkariak eskatutako inkesta baten arabera, espainiar estatuan 18-26 urte arteko lau gizonetatik batek "egoera batzuetan" autoritarismoa hobesten du sistema demokratikoaren aurretik, eta 27-42 urte arteko gizonen ia %23k erregimen autoritario bati ondo deritzo.
Udako argazkia ez zaigu oso gogoangarria geratzen ari.
Aktualitatetik deskonektatzeko baliatzen ditugu udako oporrak; ez gertatzen ari den horrekiko interesa galtzen dugulako, baizik eta atseden hartu beharra ere badugulako albisteen, albiste txarren, abiadura horretatik. Itzuleran, aldiz, hor diraute albiste horiek; etorkizuna beltz kolorekoa ikustera kondenatzen gaituzten albisteek hortxe segitzen dute: palestinarrak noraezean darabiltza Israelek, gainerako herrialdeek Israelgo gobernua gerarazteko erabaki irmorik hartzeko borondaterik ez duten bitartean; Txernobylgo haurrak atzera bonben arriskupera bizitzera itzuli dira, Euskal Herrian uda igarota, eta berdin Saharara bueltatu direnak: berriro ere basamortuko baldintzetan bizitzera joan beharra izan dute, haiei ere amaitu zaizkielako udako oporrak; Europak ez du ezer egiten, itsasoan bizitza jokatuta ere hala moduz lehorreratzea lortzen duten pertsona migratzaileak laguntzeko, berdin dio gosetetik, jazarpenetik, gerratik ihesi doazen. Eta, azken egunotan entzundakoa kontuan hartuta, berdin da adin txikikoak diren ere. Ahaztu egiten dugu nondik gatozen. Ni neu, esaterako, espainiar estatu barruko migrazio mugimenduaren ondorio naiz. Horren harira, interesgarria izango da El 47 filma, Kataluniara migratu zuten pertsona haien ikusezintasuna salatzeko filma. Autobus linea bati erreferentzia egiten dio izenburuak, agintarien erabakiz migratzaileak bizi ziren auzora iritsi ezin ziren autobus haiek gogoan. Eta baita Arrasaten ikusgai dagoen Orratz begia argazki erakusketa ere: 1936ko gerratik ihesi joandako haurren zailtasunen eta sufrimenduaren erakusgarri. Gerrak uste baino gertuago ditugulako eta bizimodu hobe baten esperantzan lekuz aldatzea ere bizitza delako.
Ea udako argazkia hobetzea lortzen dugun hurrengo urterako.