Aurpegi berriek, ze berri?

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2024ko eka. 28a, 00:00

Goiena etxean jasotzen dut astero.

Postaz bidaltzen didate. Agendari ezin izaten diot kasu egin, ze beranduago jasotzen dut; baina hor aritzen naiz argazkietan herrikideak ezagutzen ditudan asmatzen. Beteranoenak bai, horiek ezagutzen ditut. Aurrekoan irakurri nuen Oñatin txondorra egin zuela herritar talde batek, eta argazkian antzuolar bi ezagutu nituen. Beteranoak zirelako.

Gainera, nire memoria-artxiboan jendearen aurpegia ez da aldatu. Bitxia da nola orain dela 20 urte bezala gogoratzen dudan jendea. Egunero ez ikusteak baditut bere abantailak!

Baina gazteenak... Argazki oinari begiratzen diet abizenak irakurrita ea inoren antza hartzen diedan asmatzen. Haren amaren edo aitaren antza baduen begira ibiltzen naiz. Inoiz inor ezagutu dut eta abizenagatik baieztatu.

Baina, oro har, ez ditut argazkietan agertzen direnak ezagutzen, ni baino gazteagoak badira. Belaunaldi berriagoek hartu dituzte Goiena-ko albiste eta elkarrizketetan ere lekua. Naturala da, denbora ez da alferrik igarotzen.

Sentsazio bera izan nuen Legebiltzarrean lehendakaria aukeratzeko bozketa eguneko plenoan. Publikoan ageri ziren beteranoak, betiko aurpegiak; legebiltzarkideen artean, aldiz, zenbat aurpegi berri! Tokatzen zen, jakina. Izan da legebiltzarkide hasi eta adinagatik erretiroa hartu duen beste ogibiderik izan ez duenik; egin kontu.

40 urte badira hiru lurraldeetako erakundeak sortu zirela, eta tokatzen da erreleboa. Ze erremedio. Erakunde guztietan ari dira lan-eskaintzak egiten: Osakidetzan, Lakuan, Unibertsitatean, EITBn...

Ikusteko dagoena da belaunaldi berriagoek asmatuko duten oker egindakoa zuzentzen eta ditugun premiei behar bezala erantzuten.

Irakurri dut hor nonbait 100 eguneko konfiantza-tartea AEBetako presidente Rooseveltek erabili zuela lehenengoz; hango demokrazia eta batasuna arriskuan jartzeraino, krisi ekonomikoa bizi zen 1933an, eta bere gobernuaren lehenengo 100 egunetan hainbat lege onartu zituen krisiari aurre egiteko.

Hemen ere hasi da atzerako kontaketa. Ea, ba, aurpegi berriez gain, neurri berriak ere ikusten ditugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak