Urruti, esango du batek baino gehiagok; urruti geratzen zaigu parlamentu hori. Aldiz, uste baino gertuago dago. Eragin egiten digu, zuzenean eta zeharka. Eta, tamalez, baliteke giroa ikusita etorriko zaiguna are latzagoa izatea. Ultraeskuinaren bueltako alderdi eta politikariak buru-belarri ari dira kanpaina egiten; Europaren kontrakoak izan diren indar horiek lortu nahi dute erabakimena denona den parlamentuan. Eta ez da broma gero. Orain dela egun gutxi, migrazioaren kontrako manifestua sinatu dute Europako hamabost herrialdek; Europatik kanpo migratzaileak itxita izateko zentroak sortzea eskatu dute. Ez da guztiz berria. Europar Batasunak egiten du antzeko zerbait gaur egun ere. Turkiari eta Tunisiari ordaintzen diegu mugak babesteko, eta Marokori ere bai, ez dezan hesia zabaldu. Mediterraneoa zeharkatzen saiatzen diren afrikarrak iritsi ez daitezen ere Libiari ordaintzen diogu. Bai, ondo diot: diogu. Europar Batasuneko kide garen heinean, gure gobernuak egiten duelako hori. Eta larria da hamabost herrialde horiek egindako eskaria, ze Europar Batasunak, hiru urteko negoziazioen ondotik, oraintxe berritu baitu migrazioaren Europako hitzarmena asilo eskaria zailtzeko eta 20.000 euroren truke estatukideek eskumena izan dezaten errefuxiatuei uko egiteko. Baina hori ez ei da nahikoa hamabost sinatzaile horientzat. Eta hauteskundeetan irabazten saiatuko dira giza eskubideen kontra.
Zorionez, arrazoi ekonomikoengatik baino ez bada, Alemanian ari dira xenofobiaren kontra mobilizatzen, eta 30 enpresa handik ultraeskuinari aurre egiteko ados jarri dira; Henkel, BMW, Bayer eta Adidas, esaterako. Estutzen hasi dira han AfD alderdi ultraeskuindarrak izan duen gorakadagatik. Dei egin diete euren ia 2 milioi langileei ultren kontra bozka dezaten.
Tamalez, Alemaniatik gertuago, Espainian, enpresa gizonek –tartean, Garamendi sortzez getxoztarra– nahiago izan dute Argentinako Mileirekin elkartu; bilera ateak itxita izan da, baina, badaezpada, talde-argazkia atera dute hamazazpi gorbatadunek. Milei VOX alderdiak gonbidatua izan da Espainian.
Ez dakit zuek, baina nik neuk orain nahiago nuke nire karnetak alemaniarra naizela esango balu.