Kanadako laku batean ari dira ikerketa egiten eta hantxe zehaztu dute Antropozenoaren zero-gunea. Gizakien eragina hainbestekoa izaten ari da, ze aldaketa klimatikoaren eragile ere bagara. Gehiegi berotu dugu planeta eta ondorioak geroz eta larriagoak izaten ari dira. Kanadan, bertan, esaterako, ia 10 milioi hektarea erre dira dagoeneko, inoizko sute-olaturik handienean. Islandiaren tamaina omen hori, eta Ontarioko Crawford laku inguruan ere piztu dira suteak. Ia 160.000 lagun ebakuatu dituzte.
Handik 7.700 kilometro ingurura ere, La Palman, 4.200 laguni euren etxeak utzarazi dizkiete, beste sute bategatik. Txikiagoa, bai, baina, La Palma uhartearen tamaina kontuan izanda, ez da gutxiestekoa: 4.650 hektareari eragin die suteak; 70.800 ditu irlak. Gainera, Taburienteko parke naturalean ere sartu da ustez edukiontzi batean hasi zen sua; berriro ere gizakiaren eskua.
Pixka bat gertuago, Portugalen, Covas do Barroso herrian ez da oraindik hondamendirik gertatu, baina litio-meategi ireki erraldoi batek mehatxupean dauka munduko nekazaritza ondarearen sistema garrantzitsuenetako bat. Hala izendatu zuen Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak 2018an. Europan horrelako zazpi izendapen daude: paisaia natural izugarrietan biodibertsitatea, ekosistema erresilienteak eta tradizioa eta berrikuntza modu paregabean uztartzen dituzten inguruneak. Covas do Barrosoko herritarren bizimodua hango lurren eta naturaren ustiaketan oinarritzen da, eta modu orekatuan egiten dute –turismoa ere horregatik daukate–. Baina, berriro ere, gizakiaren esku-hartzeak natura desitxuratu eta hondatu egin nahi du, garapenaren eta teknologiaren izenean: litioaren ekoizpena ezinbestekoa dugu mugikorretarako, ordenagailuetarako eta bestelakoetarako.
Antropozenoan sartu ote garen behin betiko erabakitzen duten bitartean, ez dut uste zantzu gehiagorik behar dugunik gure esku-hartzea mugatzen hasi beharko genukeela erabakitzeko. Diotenez, klima aldaketak –gure jarduerek azkartu dutena– itsasoaren kolorea ere aldarazi du; urdinetik berdera egin du, baina mutazioa ez da hutsala: planktonarekin eta karbonoaren metatzearekin du zerikusia.
Uda honetan, zoazten lekura zoaztela, gogoratu ingurunea errespetatzen, baliabide naturalak zaintzen eta esku-hartzea minimizatzen, hurrengo urteetan ere bisitagarri izan daitezen uda-leku horiek guztiak.