Zigorrak soluzio?

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2023ko ots. 17a, 00:00

Bai bakarrik da bai legeak zigor arinenen tartea gutxitzen duenez –eta ondorioz, errudunarentzat mesedegarriena den legea aplikatu behar denez–, eraso matxistengatik zigortutako gizonezko batzuei onartu egin zaie, eskaria berrikusi ondoren, espetxe-zigorra pixka bat jaistea.

 Zehazki, EAEn, urtarrilaren amaierara bitartean, 104 zigor berrikusi dira eta 46 kasutan zigortuaren alde egin da; 58 kasutan, ez.

Bai, ia berrikusi diren erdietan onuraren bat aplikatu zaio zigortuari, baina, betiere, gogoratu dezagun, zigor tarte txikienean. 

Hala ere, guda-leku bihurtu du ultraeskuinak gai hori eta alde batera laga da, nahita, lege horrek dakarren positiboa. 

Nik baino hobeto azaldu zuen Miren Ortubai zigor zuzenbidean adituak Berria egunkarian: "Iruzurrezko debate bat sortu da. Zigorrak ardatz hartuta diharduen eztabaida horretan jardutea nahi dutenek beren eztabaida eremura eraman gaituzte; demagogiaren eta populismoaren iruzurrean erori gara, eskuin muturrak eta eskuinak sustatuta". 

Ez da esaten, nahi adina, lege berriarekin, indarkeria matxista eraso oro horixe dela eraso; alegia, onespen barik, dena dela eraso. Eta gutxiagotan esaten da zenbat gizonezko dagoen sexu erasoengatik espetxeratuta. El País egunkarian irakurri nuen, orain pare bat aste, 3.971 gizonezko zegoela kartzelan, 2022ko abenduan, emakumeen kontrako indarkeriagatik zigortuta. Ia 4.000 gizonezko preso, Espainiako Estatuan. Asko? Gutxi? Gehiegi? Onargarri? Berdin da; ez zaio inori axola. Fokua zigorraren tamainan dago; lerro-buruetara ekartzea zenbat zigortutako erasotzaile bihurtu den lege berriaren onuradun eta sexu askatasunaren aldeko legea lokaztu. Zigor-neurriak gehitu beharra bihurtu dugu arazo guztiak konpontzeko soluzio. Kito. 

Gauza bera egin da labanen aferan ere. Zigorrak gogortzea omen piztutako alarma baretzeko irtenbide. 

Erkoreka sailburuak Radio Euskadin aipatu zuen labanekin kalera ateratzea gai kulturala dela. Antza, lehen ez bezala, geroz eta jende gehiagok darabil labana aldean. Labanak eramateagatik 400 salaketa jarri zituen Ertzainak 2021ean, 2019an baino %19 gehiago. 

Asko? Gutxi? Gehiegi? Onargarri?

Ez dakit baloratzen, baina argi geratu da, beste behin ere, kontrol gehiago, polizia gehiago eta isun gogorragoak jarriko direla esan dutela.

Balioko duen? Ikusteko dago. Iaz, 2019an baino %10,12 emakume gehiago (4.870) izan ziren indarkeria matxistaren biktima EAEn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak