Fokua

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2023ko urt. 13a, 00:00

Asteburuan lau gizonezko atxilotu dituzte lau emakume erailtzea leporatuta. 

Esan nezakeen lau emakume hiltzea leporatuta atxilotu dituztela lau gizon. Baina ordena, kasu honetan, garrantzitsua da. Gehiegitan ahaztu egiten dugulako kazetariok biktimarioa; sarriegitan ez dugu esaten nor izan den erasotzailea. Eta, indarkeria matxistaz bagabiltza ere, ez zait erredundantea iruditzen azpimarratzea gizonezkoak direla indarkeria hori praktikatzen dutenak. Izan ere, gehiegitan entzun dut azken egunotan "lau emakume hil dituzte 24 ordutan" formula, nork hil dituen esan barik. Ez dago soberan gogoratzea: lau emakume hil dituzte 24 ordutan lau gizonezkok.

2023a hasi baino ez da egin, eta tregoarik ez. 2022koa amaitu bezala hasi dugu urte berria. Gogoratu abenduaren 29an Bilbon gizon batek emakume bat hil zuela. Negu beltza.

Fokua non jarri izan da egunotan zabaldutako beste eztabaida. Marlaska ministro bilbotarrak adierazi du "fokua erasotzailearengan" jarri behar dela. "Erasotzailea ohartu dadila berarengan jartzen dugula fokua", esan du. Eta hori egiteko modu egokiena iruditu zaio atzera ere fokua emakumeengan jartzea. Izan ere, ministroak nahi du indarkeria matxistagatik aurrekariak dituen gizonezkoaren inguruko informazio hori izan dezala berarekin harremantzen den emakumeak. Intimitatearen, errugabetasun-presuntzioaren eta datu pribatuen eskubidearen gainetik, biktimak jakin dezala aukeratu duen bikotekideak aurrekari penalak dituela indarkeria matxistagatik. Eta, berriro ere, fokua emakumeengan. Ze, zer espero du ministroak egingo duela emakume horrek? Berehala gizon hori laga? Aurre egingo diola espero du? Ministroari ahaztu zaio indarkeria matxista ez dela bakarrik fisikoa. Gizonezko askok indarkeria matxista psikologikoa darabiltela lehenengo emakumea menderatzeko eta ezeztatzeko? Kontua zer da, atzera ere emakumearen erantzukizuna dela esan ahal izatea?

Ez dakit ze ibilbide izango duen ekimen horrek, baina indarkeria matxistak beharrezko dauka, batez ere, gizonak ohartzea zer-nolako gizartean bizi garen. Alegia, parekidea ez den gizartean bizi garela; emakumeok eskubideak aldarrikatzen ditugunean ez gabiltzala beste inor baino gehiago izan nahian, gauza jakina den arren hori; eta gizonen inplikazio aktiboa behar dela desberdintasunak eragiten duen alde bakarreko erasoak amaitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak