Bale, Debagoienean urteak daramatza sistema horrek, baina Bizkaian ez da atez atekoa Gipuzkoan beste zabaldu. Are gehiago, Gernika aldean ez ditut inon ikusi edukiontziak eskegitzekoak. Bueno, gurean ere ez dute sistema hori jarriko; alegia, ez da atez atekoa jarriko. Baina, une batez, buzoian laga diguten eskuorria ikusi dudanean, déjà vu moduko bat izan dut. 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeekin gogoratu naiz. Gainera, dagoeneko hasi dira alderdiak 2023ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak aurkezten. Gogoan duzue, baina, 2011n izan zen zalaparta zaborrekin? Etxeetako balkoietan zabor-poltsak eskegi zituzten batzuek, banatu bako zaborra alboko herriko edukiontzietara eramaten zutela salatu zuten beste batzuek... Zaborren hauteskunde kanpaina izan zen orduko hura; Gipuzkoan, bederen. Gurasoek gurean izan diren bakoitzean galdetu izan didate: "Orduan, hau honekin nahastu nezake?". Nik kontrakoa galdetzen diet bisitan joaten naizenean: "Hau nora bota behar da?". Zabor bilketaren jokoak Debagoienean eta Busturialdean.
Baina bai, hori guztia etorri zait gogora Debagoienean hamaika urte diren arren atez ateko sistema ezarri zela. Gurean, ostera, datorren urtean bosgarren edukiontzia izango dugu. Hala iragarri digu Udalak: etxerako edukiontzi marroi txikia eta konposta egiteko poltsak banatuko dizkigula, hala nahi izatera. Izan ere, horixe dio eskuorriak: Zerbitzua martxan jarri orduko, zabor bilketa honetan parte hartu nahi duten familiei Udalak giltzak banatuko dizkie. Eta harritu egin nau nahi duten horrek. Aukerakoa izango ote da, ba, zaborra bereiztea? Galdetuko dut, eta kontatuko dizuet, hurrengo batean. Dena dela, izan da ordua. Bizi dugun aldaketa klimatikoa ez dugu geratuko hondakin organikoak errefusetik bereizita, baina keinu guztiek balio dezakete, txikiak badira ere. Behinola, keinu horrek foru hauteskundeak baldintzatu zituen, eta gobernu aldaketa eragin. Nork daki keinu txikiak biderkatuta noraino iritsi daitekeen planetaren biziraupena.