Dominazioak dirau

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2022ko urr. 14a, 00:00

A egoera:

-Egingo dugu?

-Bai.

B egoera:

-Egingo dugu?

-Ez.

Argi daude egoera biak, ezta? Bueno, badaezpada: A egoeran biak ados daude. B egoeran, aldiz, desadostasuna dago; lekurik ez, hortaz, ekin eta jarraik.

Baina a priori hain ondo ulertzen den bereizketa hori egiten ez dakiten gizonezkoak badaudelako, emakumearen ezezkoa ulertu nahi ez duten gizonak badirelako, lege batean jaso beharra izan da bai bakarrik dela bai. Espainiar estatuan hilaren 7an, bariku batez, sartu zen indarrean sexu askatasuna bermatzeko legea. Legeak zehaztuta laga du baimena dela oinarria. Ez da originala, ordea; Suedian eta Erresuma Batuan ere baiezkoa baimenean oinarritutako ereduak daude indarrean. Baina, joe! Esan egin beharra dago bai bakarrik dela bai?

Ba, antza, bai! Egin kontu: aurreko astean argitaratutako ikerketa baten arabera, espainiar estatuko emakume gazteen %57,7k aitortzen zuen sexu harremanak gogo barik izan dituztela inoiz. 18 eta 25 urte arteko emakumeek zioten besteari gustua emateagatik edo harekiko sakrifizioagatik egin dutela.

Eta hori gutxi ez, eta normaltzat, tradiziotzat eta bromatzat hartu dira ikastetxe nagusi bateko ikasle gizonezkoek emakumezkoei egindako mehatxu matxistak.

Berriro ere gogoratu naiz, testuinguru horretan, Nafarroako irakasle eta hezitzaile ausart haiekin. Bai Skolae hezkidetza programa sustatu zuten haiek, eta heziketa sexuala hezkuntza ziklo osoan txertatu behar zela zioten haiek, planteamendu hura aurrera eramateagatik epailearen aurrera joan behar izan zuten haiek. Zenbat hobeto ginateke orokortuko balira hezkuntza etapa guztietan era horretako ikasketak. 

Zorionez, aipatu dudan ikerketa horrek bazuen datu positiborik: sexua eta maitasuna bereizten dutela gazteek, heterosexualitatearen araua apurtzen dutela edo antisorgailuak erantzunkidetasunaren barruan ulertzen dituztela. 

Agian, badago oraindik esperantzarako aukera eta feminismoak behinola hasi zuen bideak arrastoa laga duela sinestekoa, gutxika bada ere. Nahiz eta, Annie Ernaux Literaturako Nobel saridun berriak zioen bezala: "Ez zait iruditzen gu emakumeok, askatasunetan, boterean berdinak bihurtu garenik. Oro har, dominazioak dirau, forma arinago edo astunagoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak