Iraila

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2022ko ira. 9a, 00:00

Hasi dugu, bada, ikasturte berria; baina uda-giroa, edo uda-beroa, luzatzen dabil. 

Bada bost hilabeteko uda izango dugula dioenik ere! Urrira artekoa edo. Gehiago ezin luzatu; ez, behintzat, udaizenarekin, egunak ere laburtzen hasiko baitira laster.

Hala ere, beroa gurean eroso dabil; hainbeste ze, euria ere uxatu du. Belardiak noiz bustiko zain segitzen dute askok. Tentuz, baina, ez dezala gehiegi bota mahatsa batu aurretik. Eta egitekotan ere, pausatua izan dadila, gure bazter lehorrek zail lukete-eta demaseko euri-jasa xurgatzea.

Errekastoak mehetu dira eta urtegiak ikusi ditugu aspaldi urperatutako altxorrak erakusteraino sikatzen.

Etxe barrenak berotu zaizkigu, gasa eta argindarra inoizko garestien daudenean. Hotza datorrenean izango dira komeriak. Prezioen gorakadak iraila zaildu die batzuei: eskolarako materiala garestitu egin da, papera karu baitago. Eta hasi dira beste batzuk esaten urtarrileko aldapa famatua aurreratu zaigula ikasturte hasierara.

Hasiera guztiak kostatzen omen dira. Egokitzapena egiten dute txikienek lehenengo egunetan. Nagusiagoek, ordea, kolpera ekiten diote iratzargailua ordu txikitan jartzeari. Irailak markatzen baititu eguneroko erritmo berriak, eta denboraren diktadurara lotzen garenean geroz eta urrutiago geratzen dira udaldiko arnasguneak. Zaildu egiten zaizkigu une gozo, lasai eta ordulari bakoen oroitzapenak. Nerea Ibarzabalek idatzi bezala, geroz eta atzerago jo beharko dugu oroitzapenetan elkar aurkitzeko. Ines horixe esaten irudikatu du Rakelek bere pentsamenduetan Bar Gloria eleberrian eta nik, berriz, zu gogoratu zaitut. Neure burua ikusi dut denboran atzera egiten, urte oso bat gehiago. Badirelako 12 hilabete agurtu barik alde egin zenuela, eta, urte bat zaharragoak izanik, zenbat atzerago jo dezakegu oroitzapenetan zu ez ahazteko, Gaizka?

Erantzunik ez dute izaten galdera erretorikoek. Hala ere, esango nuke bati baino gehiagori geratu zaiola iraila betiko zure memoriara itsatsia, eta, hasierak beti kostatzen diren arren, iaztik bereziagoak direla denontzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak