Sanchez presidenteak Espainiako "lurralde-osotasunaren aurkako" eraso bortiztzat jo zuen Melillan gertatutakoa. Eta muga babesteko Maroko eta Espainiako polizien lan bikaina txalotu zuen. Geroago, egunkari batean egin zioten elkarrizketa baliatu zuen adierazpenak makillatzeko: giza bizitzen galera deitoratu zuen, baina gehitu zuen "bizitza hobea nahi zutenak" euren "mugaren aurka ekintza bortitzak antolatzen dituzten mafien eta delitugileen biktimak eta tresnak" zirela. Helena Maleno aktibistak jarri du azpimarra: "Bizia salbatzeko korrika egiten duen jende masa dagoen lekuan mafia ikusten dute".
Berdin da, gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 37 pertsona desesperatu hil badira ere; Marokok ezkutatu eta identifikatu barik lurperatu nahi ditu. Izan ere, errua pertsona-trafikatzaileen mafiena da. Haiek egin dute negozioa euren herrialdeetako pobrezia egoeratik ihesean doazenekin; haiek engainatzen eta torturatzen dituzte bidean; haiek bortxatzen dituzte emakumeak; haiek lagatzen dituzte Gurugu mendian polizia marokoarrek egurtu ditzaten eta lapurtu diezaieten dituzten ondasun apurrak.
Estatu Batuetara iritsi nahian, San Antonion 40tik gora pertsona migratzaile hil dira, itota, kamioi batean. Han ere, errua mafiena omen. Pertsonen desesperazioarekin negoziatzen duten errukirik gabeko ezkutuko negoziatzaileena.
Baina inoiz ez da migrazio politiken ondorio; erabaki politiko horiek hartzen dituztenen errua. Ez. Errua ez da Europarena, Turkiari ordaintzen dion arren Siriatik, Afganistandik eta beste hainbat lekutatik ihesean doazen pertsonak atxiki eta Europara iritsi ez daitezen. Errua ez da Espainiarena eta Marokorena, bien arteko akordioak Saharaz azpiko iheslariak Europara ez iristea laguntzen duen arren. Errua ez da Europako migrazio politikena. Ez.
Errua beti da besteena. Horregatik, gure mugak babestea da gure ardura. Horregatik, NATOk erantzun azkarreko 300.000 soldadu jarriko ditu mugak babesten –40.000 ditu gaur egun–.
Ukrainakoa bihurtu dugu Mendebaldean aitzakiarik onena gastu militarra hazteko eta segurtasunaren izenean negozioa egiteko. Hori da apurtzeko prest gauden muga bakarra: aurrekontu militarrarena.
Zer axola dute San Antonioko 40 migratzaileen bizitzek? Edo Nadorko 30etik gorakoenak? Azken batean, 2021ean Espainiara bidean 4.404 hil ziren; 2020an 2.170… Negozioa ondo banatuta baldin badago, zer axola dio bestearen bizitzak?