Nahiago gaituzte, baina ez gaituzte nahi

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2022ko mai. 27a, 00:00

Ez dakit hilekoak plaza publikoan hainbeste esateko eragin duen inoiz. Izan ere, espainiar estatua bilakatu da osasun menstruala eskubidetzat aitortu duen lehenengo herrialde Europan. Halaxe adierazi du Irene Montero hango Berdintasun ministroak. Eta txalotu beharrean, gizontxoak atera dira, enegarrenez, plaza publikora kexaka. Ez zaie nahikoa argudio iruditzen hilekoaren minak lanerako ezgaitzea. Nahiago gaituzte drogatuta.

Onartu ez dena da hilekorako produktuen BEZa %10etik beherakoa izatea. Badira hamaika arrazoi behar-beharrezko produktu izendatzeko, izan badirelako gizartearen erdiarentzat, eta era horretan zerga murrizteko tanpoi, konpresa, kopa eta bestelakoei. Ipar Euskal Herrian 2015etik %5eko BEZa daukate tanpoi, konpresa eta hileko kopek. Laura Medina ikerlariak Berria-n egindako elkarrizketan gogoratzen zuenez, hilekoa dutenen emakumeen %40k ezin ditu erosi hilekorako nahi dituen produktuak. Baina, ez! Hori ez da garrantzitsua. Berdin dio Viagrak %4ko BEZa badu ere! Hilekoaren produktuek %10 izaten jarraituko dute. Nahiago gaituzte pobretuta.

Txilen, berriz, hilekoa izateko gaitasuna daukaten pertsonak eskubide osoko pertsonak dira hilekoa modu libre eta duinean kudeatzeko. Bai, hilekoa izateko gaitasuna daukaten pertsonak. Transexualak berdintasun legetik kanpo lagatzeko, emakumeak igaro dira personas menstruantes izatera. Nahiago gaituzte ez ikusi.

Emakumeon eskubideez, bizitzaz, duintasunaz ari garen bakoitzean plaza publikoa betetzen da arrez, nor baino nor ozenago. Euren kontra arituko bagina legez. Nahiago gaituzte gogaituta.

Zerrendarekin jarrai nezake, baina barrenak ez dit lagatzen; are, irakurri dudanean zer dioen 12 eta 13 urteko neskato bi bortxaketagatik ikertzen ari diren 15, 16 eta 17 urteko mutikoak aske lagatzeko epaileak erabili duen argudioa: mutikoek familia laxo eta permisiboko hezkuntza-estiloa dutela, arauen barneratze baxuarekin. Horrek ulergarriago egiten du mutikoak aske geratu direnean heroi gisa hartu izana, txalo artean, sekulako goragalea eragiten didan ongietorri baten. Nahiago gaituzte apurtuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak