Berbekin

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2022ko api. 8a, 00:00

Irratian entzun dut trikuak ez direla egun argiz ibiltzen negu ostean esnatzen direnean. Javier Muguruzak idatzitako Trikuarena kanta gogora ekarri dute esateko lege zahar batek galarazi egiten dizkiola eguzkia, zerua eta arranoak. Eta, gauzak eta kontuak eta gaiak lotzeko irratiak ere baduen ohitura zaharrari eutsiz, kazetariak gogora ekarri du egunotan errepideak beste batzuek hartuko dituztela. Bai, euskaltzaleek. Amurrion hasi eta Donostian bukatuko da 22. Korrika. Eta milaka lagun emozionatuko dira, beste behin ere, furgoneta badatorrela ikusten dutenean.

Lagun batek orain gutxi horixe gogorarazi zidan: "Zer den gero Korrika, ezta? Zelan lortzen duen hori, ezta?". Hori; bai, hori. Baina zer da hori? Zergatik emozionatzen gara, baita negar egiteraino? Nola daiteke komunio popular horrek, euskara sustatzeko eta euskaraz berba egitera animatzeko korrikaldiak, horrelako zirrara eragitea?

Nik neuk ere ez daukat erantzunik. Baina gogoratu naiz 14. Korrika, Orreagan hasi zen hura, oso gertutik bizitzeko aukera izan nuela eta, harrezkero, zain egoten naizela neu ere Korrika noiz iritsiko. Gogoratu naiz elur dezente garbitu behar izan zela 2005eko hartan Korrikak bideari ekin ahal izateko. Sekulako elurtea bota zuen Orreagan bezperakoan. Baina eguzkia atera zen lehenengo egunean, eta Bilbora iritsi zen arte eutsi zion.

Aurten, badirudi kirikinoa atzera ezkutatuko dela, negu giroa iragarri baitute Amurriotik Donostiara izango den Korrikan. Hori bakarrik ez: Iruñeko alkateak Korrika Txikiari ez dio baimenik eman kaleak hartzeko, segurtasun arazoak eragin ditzakeelako. Espaloitik egin beharko dute neskato-mutikoek korrika Iruñean. Han ere lagi-zaŕa. Korrikaren hasieratik, Oñatin lehenengoz hasi zen hartatik, beti izan ditu oztopo eta trabak aurrera egiteko; euskarak bezalaxe. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren herrietan ere bost herritarretatik hiruk egiten dute berba euskaraz, eta, aurreko neurketen atzeko zenbakia den arren, euskararen ezagutza %80tik gorakoa den eremuetan apaldu egin da euskararen erabilera.

Garbi dago, beraz, korrika egiten jarraitu beharko dugula. Ezin garela geldi geratu. Hitz, ele eta berba guztiak behar ditugulako entzun gaitzaten. 22.aren lekukoak barruan dakarren mezuaren zain: ekin hitzekin, errepikatu eleekin, tematu berbekin eta izan elekari, hitzontzi eta berriketari. Sentitu, pentsatu, hitz ekin.

Gora Korrika!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak