Eta aurten Lilatoia aurrez aurre egingo dugula jakin nuenean, dutxa zerbitzuko titi festa berreskuratuko genuelako poztu nintzen. Tamalez, ez da Kontxako aldageletan izango, obretan omen dira. Baina Belodromoan eta Benta-Berri kiroldegian izango dugu dutxa zerbitzua. Izan ere, a ze titi festa izaten den Lilatoiaren aldageletakoa! Komunio zoragarria da, indarrez betetzen zaituen enkontrua. Han ez delako inor inori begira, ez delako gorputz biluzien erakusleiho lehiakorrik –gizartean hainbestetan sinetsarazi digutena–. Han dagoena da askatasuna. Berdintasun espazio batean gauden lasaitasunak konplexu barik biluzten laguntzen dizu, lotsa barik... Eta hainbeste titi pare, hainbeste ipurdi handi, txiki, ertain, hainbeste izter iletsu eta ilebako, hain txiki geratzen dira Kontxako aldagelak gorputz eder guztiak sartzeko ze, toallarekin dutxara eta bueltan sikatzeko eta janzteko lekura joan-etorria bihurtzen den esperientzia indargarri zoragarria.
Eta, hala ere, galdetu didate, gizonezko bik ea zergatik ezin duten eurek ere Lilatoian parte hartu. Benetan? Oraindik ere azaldu beharra dago emakumeok ere nahi ditugula libre jarduteko espazioak? Guk ere nahi dugula plaza konplexu barik hartu? Azaldu beharra dago oraindik ere ekiteko lagundu egin behar garela, elkarri lagundu behar diogula? Ohartu ez denarentzat: oraindik urratsa egiten ausartzen ez den horri aukera emateko espazioak dira Lilatoia eta ondorengo titi festa; liberazio espazio zoragarriak direlako, beharrezkoak.
Ze, oraindik ere, debekatzen dizkiguten lekuak daude alde guztietan. Adibide bat: aurrekoan, beste lagun batek aipatu zigun Espainiako Estatuko batxilergoko Filosofia programan bederatzi filosofo emakume sartu dituztela –AGORA elkartea ere aritu da EAEko batxilergo-programan emakume filosofoak sartzeko lanean–. Bederatzi emakume filosofo! Beraz, baziren! Inoiz irakatsi ez zizkiguten arren, baziren filosofian ere emakumeak!
Bada, horregatik ere: Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra.