Nostalgia barik

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2022ko urt. 21a, 00:00

Sareetan norbaitek gogoratzen duenean umetako edo gaztaroko edo beste sasoi bateko zerbait, beti agertzen da beste norbait "nostalgiko" esaten; leporatzen. Alegia, negatiboa balitz legez beste garai bateko kontuak gogoratzea, edo "oraindik" ere gustatzea.

Pentsatzen jarrita, izan daiteke zaharrunoek maiz egiten duten zerbait. Ikusi bestela zelako arrakasta izan zuen, adin batekoen artean, Stranger Things serieak, edo azken boladan sarean dabilen beste joko hori: "Esan gazteek ulertuko ez duten zerbait" –"nik EGBn ikasi nuen" haren oinordekoa, nik pentsa–. Bai, badira 80ko hamarkadako musika hobea zela esaten dutenak ere –eta horren aitzakian beti kanta berdinak entzuten dituzte. Horren adibide praktiko bat, Euskadi Irratiko Bihotzeko fonoteka: gonbidatu askoren kasuan, egindako abesti aukeraketak zelatatzen ditu; denbora geratu egin dute, musika gustuei dagokienez, behintzat.

Gogoan daukat umetan aitari "karroza" esaten geniola anaiak eta biok, beti bere kantuekin bueltaka zebilelako. Urtero, abuztuko oporretako bidaiarako, zinta batean grabatzen zituen bere gustuko abestiak. Guri beti bilduma bera zela iruditzen zitzaigun, baina ordena aldatuta. Kanta haietako asko 60ko hamarkadakoak ziren. Norbaitek esango du: "Obvio, bere gaztarokoak". Eta bai, halaxe da. Baina orduan, zer dira euren gaztaroko musika, film eta serieak aldarrikatzen dituztenak, gazteagoenak errefusatuz? Nostalgikoak ala karrozak?

Bada, hori dena etorri zait gogora dentistarenetik bueltan. Ez dit, ba, esan 11 urterekin ikastolan apurtu nuen hagina konpondu beharra daukadala! "Orain? 49 betetzear nagoela? Benetan? Baina bizitza guztia daramat hola!". Zera erantzun dit: "Horregatik!". Eta hemen ni, nostalgiko jarri nahi izan barik, gazteago nintzela apurtutako nire hagin zorrotzak izandako arrakasta gogoratzen, sarri eragin dituen sorpresa aurpegiak irudikatzen, hari esker ere esan izan dizkidaten gauza politak oroitzen. Baina, aizue, ni ere nostalgia barik, e!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak