Sen ona

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2021ko abe. 3a, 00:00

Hirugarren dosia jartzeko dei egin diote amari. Penaz esan dit baietz, jarriko duela. Izan ere, egun batzuk zeramatzan esaten garapenean diren herrialdeetara bidali beharko genituzkeela COVIDaren kontrako dosi berriak. Gu bizi garen leku honetan dagoeneko izan dugula aukera txertatzeko; nahi duenak, behintzat, jarri duela txertoa. Zergatik ez segi munduko gainerako herrialdeetan, txertoak erosteko dirurik ez duten herrialdeetan, txertaketa kanpainarekin?

Ni konbentzitu ninduen. Logikoa iruditu zitzaidan.

Ze ez zaio arrazoirik falta amari. Ikusi dugu, eta abisatuta geunden, hegoaldeko herrialde pobreenetako herritarrak txertatu ezean pandemia honek ez duela amaierarik izango.

Are, ezinezkoa da pentsatzea pandemia hau gaindituko dugula Afrikako herritarren %0,3 bakarrik txertatuz.

Ildo horretan, orain gutxi entzun diot Osasun Globaleko Institutuko analisi zuzendariari esaten arrisku elektoralak eragiten duen beldurragatik gobernuek euren gizartearekin hartzen dutela konpromisoa txertoen pilaketa egiteko, ugaritasuna erakusteko. Baina horrek ikuspegi epidemiologikotik ez duela inolako zentzurik.

Beste modu batera esanda: gu gure oparotasunean ez gara inoiz salbu egongo, gu baino herritar askoz ere gehiago dituzten herrialdeei laguntzen ez badiegu. Ze oraingo honetan ez du balio gure gazteluko dorrean ixteak. Oraingoan ez dago harresirik eraikitzerik nahi ez ditugun horiek etor ez daitezen, ez pertsonak ez birusak.

Gaitza globala bada, soluzioak ere globala behar du; eta ez guretzako bai eta haientzako ez.

Datu bat: COVAX delako programaren asmoa zen 2021. urtea amaitzerako 91 herrialde txiroenetara txertoen 2.000 milioi dosi bidaltzea. Abendua hasi da eta konpromisoaren laurdena baino ez da bete: 500 milioi dosi bakarrik bidali ditugu.

Garbi dago pandemia honek asko kendu digula, asko galdu dugula eta amorrazioa ere hazten doala, baina sen ona berreskuratu beharra daukagu. Gure amak eta aditu horrek erakutsi duten sen ona falta zaie erabakiak hartzen dituztenei, eta horrela nekeza dirudi lema zuzentzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak