Green bai, baina garden ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2021ko urr. 29a, 00:00

Hiztegira jo beharra izan dut albisteen errepasoan. Izan ere, Goiena-n irakurri dut "Bergarako Udal Gobernua kezkatuta" dagoela "Valogreene enpresak Bergaran hasi nahi duen jardueragatik".

Jakin-mina sartu zait izen horren atzean zer dagoen jakiteko. Ekonomia argitalpen batean "empresa ilicitana" irakurri dut. RAEra jo dut: Ilicitana: natural de Ílici, hoy Elche, antigua población de la Hispania Tarraconense. Elhuyarrek dioenez: adj./s. elxtar; Elx-eko. Enpresari buruz Interneten aurkitu ditudan albiste baten baino gehiagotan "Elxeko" esan ordez "ilicitana" lehenetsi dute; susmoa daukat era horretako hautua egiten denean albiste batean, argitasunez ez jarduteko intentzioa dagoela. Apirileko albiste batean diotenez, Elxeko Greene Waste to Energy SL enpresak Trantsizio Ekologikoaren Ministeriora aurkeztu du Valogreene Global makroproiektua; Next Generation Europako laguntzak eskuratzeko eta Espainiako Estatuko 12 erkidegotan garatu nahi dituzten hondakinak kudeatzeko enpresa abiarazteko. Tartean, Bergaran paperari lotutakoa. Bazkide ditu ekimenean, besteak beste, Inditex eta El Corte Ingles. Moira inbertsio kapitalekoek ere dirua inbertitu dute enpresan: 2019an 20 milioi euro sartu zituen eta enpresaren parte hartzearen %55 dauka.

Bergarako Udalaren kezka da enpresak eurenean eta Jaurlaritzan aurkeztutako egitasmoan "jardueraren deskribapenean kontzeptu desberdinak" daudela. Ez nau harritzen. Hainbeste bazkide, inbertitzaile eta megaproiektu izanda esku artean, ulertzekoa da gardentasuna eskatzea enpresari. Are gehiago, proiektua diru publikoz egiteko asmoa dagoenean. Milioi asko dira Europak zirkulazioan jarriko dituenak eta lehentasuna izango dute klima larrialdiari aurre egiteko proposatzen diren egitasmoek. Horregatik da garrantzitsua denok jakinaren gainean egotea zein den benetako asmoa bai Bergarako proiektuan, bai bestelakoetan ere. Gerta baitaiteke bazkide horietako batzuek euren beste jarduna zuritzeko baliatzea. International Union for Conservation of Nature (2017) elkartearen arabera, itsasoetara iristen diren mikroplastikoen %35 oihal sintetikoen garbiketatik datoz. Eta, Changing Markets fundazioaren arabera (2021), Inditex da jantzietan sintetiko gehien erabiltzen dituen enpresa. Greenwashing-a modan jarri den honetan –euren produktuak ingurumena errespetatzen dutela erakusteko informazio engainagarria emanez inpresio faltsua transmititzea– kezka izatea zilegi deritzot, baita gardentasuna exijitzea ere.

Oharra: enpresa nagusia Elxekoa da –Green Waste to Energy SL–, baina Valogreen paper BC SLk Donostiako Portuetxe auzoan dauka egoitza, IFKren datutegiaren arabera, iazko urriaren 27tik, 3.000 euroko kapitalarekin. Espainiako Ministeriora aurkeztu duen makroproiektua 722,8 milioi eurokoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak