Ez dugu 'Roy' merezi

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2021ko eka. 18a, 00:00

Unescok 1971n sortu zituen biosferaren erreserbak, bioaniztasunaren galerak eta ondorioak aztertzeko. Gizakia eta Biosfera (MaB) programa eratu zuen gizakiaren eta ingurumen arteko harreman orekatua zaintzeko. Horixe da Biosferaren Erreserbaren funtzioa: naturarekin nola jokatu beharko genukeen erakustea.

Urdaibaikoa da gurean dugun Biosferaren Erreserba. 1984an izendatu zuen Unescok eta handik bost urtera onartu zuen Eusko Legebiltzarrak berau arautzen duen legea: lurraren, floraren, faunaren, paisaiaren, uren eta atmosferaren integritatea babestu eta beren errekuperazioa bultzatzeko; azken finean, ekosistema osoa babestu eta errekuperatzeko, natura, zientzia, hezkuntza, kultura, aisialdi eta sozioekonomia aldetik duen interesarengatik.

Babes hori barik, Mundakako itsasadarraren itxura beste bat litzateke. Inork ez du dudan jartzen hori. Paraje parebakoa baita gune turistikoa izateko. Eta izan bada. Baina babes arauei esker, ez da eraiki, beste kostalde batzuetan bezala, etxebizitza turistikorik, hotelik, kirol-porturik, aparkaleku erraldoirik, errepiderik... Eta babesgunea delako ezagutu dugu Roy arrano arrantzalea, eta hark lehenengoz egindako txitak! Urdaibaiko Biosferaren Erreserba biodibertsitaterako mugarri garrantzitsuenetako bat delako.

Hala ere, ingurune hori zaintzeko izendapen eta babes legeak ez dira nahikoa, antza. Ekonomikoki ustiatzeko tentazioak beti egon dira eta ez da berria ingurune hori turistikoki esplotatzeko nahia. Are gehiago, 2008an diputatu nagusi zenak iragarritako egitasmoa ez da guztiz originala. Hori baino lehen egon zen beste proiektu faraoniko bat: Francok sustatu zuen. 1968an izan zen. Bizkaiko orduko diputazioak padura lehortu, Sukarrietatik Kanalara arteko zubia eraiki eta kirol-portua egin nahi izan zituen, besteak beste. Zorionez, eta Gernikazarra Historia Taldeko Jose Angel Txato Etxanizek jaso bezala, herritarrak antolatu egin ziren eta kontra egin zioten. Urte luzez, gainera, plana Franco hil artean bizirik egon baitzen.

Orain, berriro esnatu dute proiektu handinahia. Babestutako gune batean, bizi dugun pandemiak bioaniztasuna hondatzen ibiltzeagatik zuzeneko lotura duela dakigunean, krisi ekonomiko betean...

Ez dugu ezer ikasi. Ez dugu Roy merezi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak