"Paradisua iruditu zitzaidan!", esan du lagunak. "Gaueko hamaikak arte txibia-bokata bat eska zenezake eta terraza batean jan, lasai asko". Barreka hasi gara, lehertu beharrean.
Baina, nola iritsi gara horra? Hori al zen, bada, askatasuna? Ez, badakit ezetz; askatasuna ez da, inondik inora, eskuineko liberal horiek sinetsarazi nahi digutena; eurena aberatsen askatasunaren alde egitea da. Kito. Gu, berriz, hor gabiltza barikuak lapurtu dizkigutelako kexaka. Hori drama, ezta?
Holakoetan kezka sortzen zait; gehiegi gerturatzen ote gabiltzan espainiar erreinuko hiriburuan zalapartaka ari diren aberaskume horien postulatuetara. Beldurra eragiten dit horrek.
Badirudi gure aisialdiaz gozatzeko eskubidea beste ezeren gainetik jarri dugula; bandera bihurtu dugula. Batzuek muturreraino eraman dute, eta hor ari dira kanpaina egiten horrekin. Eta tristeena da tranpan jausi garela; ukatzaileak ukatzaile direlako, aberaskumeak aberats direlako –eta aisialdia kenduz gero ez daukatelako beste propositurik– eta gainerakook... tabernen auzia bihurtu dugulako bidezko kausa.
Iparraldean hilabeteak egin dituzte kultura ekitaldi barik. Orain ekingo diote deseskaladari, eta zinema-aretoak eta terrazak, adibidez, maiatzaren 19an irekiko dituzte. Aurrerantzean, baliteke Madrilgo kaleetako tabernetara joan beharrik ez dutela izango Frantziako Estatuko jai-zaleek, Frantzian ere berreskuratuko dutelako askatasuna, alferrik galdu dugun ahalmen naturala. Eta akordatu naiz Joan Margariten poemarekin, Hedoi Etxartek euskarara ekarria, non, besteak beste, zioen: Askatasuna da egunsentia hasten denean greba orokorreko egun batean; Errepublika eta Zibil hitzak dira; Askatasuna da liburu-denda bat; edo Agiririk gabe joatea.
Eta gu, bitartean, hutsalkeriatan.