Emergentziazko plana

Erabiltzailearen aurpegia Marijo Deogracias 2021ko mar. 26a, 00:00

Jendea triste sumatzen duela esan zidan aitak aurrekoan, telefonoz –aurrez aurre egoteko aukera gutxi izan ditugu aspaldi honetan–. Esan nion maskarak jantzita zaila dela jendearen aurpegiak ikustea. Eta tematu egin zen bera: "Ezetz, itzalita bezala dabilela jendea kalean, gogo barik bezala". Berak badio, hala igarriko zuen, ze beti izanda bera alaia eta hiztuna, eta pentsatzekoa da berea moduko izaera batentzako, akaso, gertatzen ari zaigun hau dena aldapatsuagoa egiten ari zaiola.

Eta hori nuela buruan, bere osaba Diegorekin gogoratu naiz. Hark ere bazuen bizipoza, eta beti adierazten zuen; abesten egiten zuen, gainera! Kalean zihoazela inor kantuan entzuten bazenuen, "han, badator Diego!", entzungo zenion mundu guztiari. Ezagun zen bere kanta herrian, Errekalde auzotik Beheko auzoko ortuetaraino egiten zuen kantuan bidea, egunero. Hark ere gaizki pasatuko zituen garaiok, kantuan maskararekin egitea ez baita gauza bera. Are gehiago, gaur egun kontzertuetan ez da abeslariaz gain beste inor entzuten abesten. Eta ez da, preseski, gogo faltagatik! Baina hauxe da tokatu zaiguna: zuzeneneko musika emanaldiak eserita, maskaratuta eta isilik bizitzea. Orain dela urtebetera arte, desafioa izan zitekeen edozein lehiaketatan!

Hilabete daramat nik iazko azkeneko zuzenekoa gogoratzen. A ze kontzertu puska! Eta eskerrak kontzertu paregabea izan zen, ze harrezkero, kontzertu bikainak ikusi ditudan arren, eserita, maskaratuta eta isilik izan dira guztiak. Eta, jakina, ba, ez da berdina! Lagun batek esaten duen bezala: zelako dantzarako gogoa! Eta bai, kantatzekoa ere bai! Ahoz goran garrasi egitekoa, oihukatzekoa, desafinatzekoa!

Egunotan zabaltzen ari den tristeziari aurre egiteko medikuarengana jotzen dutenak geroz eta gehiago dira. Depresioak jota, laguntza bila dabil jende asko. Eta psikofarmakoen kontsumoa zabaltzen ari da, lehen baino gehiago. Dawa Albari Euskadi Irratian entzun nionez, azkarragoa delako. Alegia, psikologia garestiagoa dela denbora gehiago eramaten duelako. Eta, ondorioz, errazagoa pilulak errezetatzea.

Anari parafraseatuz, gehiegi luzatzen ari den salbuespen egoera honetarako emergentziazko planak behar ditugu eta horietako bat izan daiteke abestea. Orfidal-ek lagun dezakete, baina abesteak ere bizipoza ematen du. Hortaz, ez ahaztu ahots gora kantatzen!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak