Harrezkero joan dira beste 20 urte. GoiTBk, beraz, hamarkada bi bete ditu hogei-hogei honetan. Hamarkada bi Arrasate Press-en astero-astero zutabetxoa idazten nuela. Hasiera batean lotsatuta, astekariaren zuzendaritza egokitu zitzaidalako egin behar izaten bainuen Usteak uste hura. Baina aitortzen hasita, gustua ere hartu nion. Eta badakit irakurri ere egiten zutela zenbaitek. Alokairua sustatzeko laguntzak eskatu nituen behinola zutabe hartatik, eta orduko udal ordezkariren batek gaia atera zidala gogoan daukat, sanjuanetan Uarkapen bazkaltzen zirela. Zenbat oroitzapen, zenbat lankide, zenbat elkarrizketa, erreportaje eta argazki. Eta telebistarako ere bai. Berbaire izeneko saioa! Han ere ibili ginen, astero solaskide finak lagun nituela asteko gaiei birpasa egin eta iritzi trukaketan. Betiere, giro onean, eta ez Espainiako telebistak ohiko duen purrustada giroan.
Hogei urte 20-20 honetan. Eta harrezkero, hamaika lanleku, lankide, lan-herri eta hamaika ez, baina hainbeste bizi-herri ere bai. Atzera begira jarrita, Arrasaten hasitako bideak eman dit aukera Araban, Bizkaian eta Nafarroan jarduteko. Irratian, telebistan, prentsan, komunikazio bulego eta administrazioan jarduteko, beti euskaraz, edo, gutxienez, euskaraz ere bai. Ze, kazetaritza ibilbide osoa euskara hutsez egiteko aukera izan dut, eta, gaztelaniaz aritu behar izan naizenean, euskaraz sortutako prentsa-oharrak itzultzeko izan da. Duda barik, zortea ere izan dut horretan, lan aldaketak neuk aukeratu izan ditudalako, eta, bestela, egokitu egin zaizkit parean eta hartu egin ditut. Arrasate Press-en ikasitakoak lagundu dit bidea egiten, sekulako eskola izan baitzen hura orduko kazetari hasi berri nintzen harentzat. Eta nire euskara ontzen ere han hasi nintzela ezin ahaztu: eskerrik asko nirekin holako pazientzia izan zenuten zuzentzaile guztiei!
Oharra: 2000ko abenduaren 1ean atera genuen lehenengo Goienkaria! Goiena taldeak osatu zuen eskualdeko bigarren komunikazio proiektua.
Egin zaitez Goiena Klubeko bazkide eta jaso 'Puntua' astero etxean