Gogoan daukat, milurtekoaren hasieran-edo, Zerrajerako museo-proiektuaren harira, Juan Ramon Garairekin nola ibili ginen artean han ziren makina artean.
Zelako mimoz azaldu zigun Arrasate Press-en eta ATBn ondare hura gordetzea zein garrantzitsua den mondragoetarrentzat.
Gogoratu dut Antzuolan ere bazela desagertu zen jardun ekonomikoa: larrugintza.
Eta garai batean zurrategia gordetzeko egitasmoa ere egon zela.
Kalegoin zegoen eraikinak ez zuen zutik iraun –Bizkaiko Foru herrian dagoen eraikinaren oso antzekoa, bide batez–; eta erreferentzia hori barik, oroimena gordetzeko aterpe barik, zaila da inongo memoriari eustea.
Antzuola.com webgunean esaten den moduan: "Industria horren azken aztarnak Telleria kokatuta zegoen eraikinean geratzen ziren, baina toki horretan etxe berriak egin zirenean ezkutuan geratu ziren".
Izenari eusteak badu izanaren aldarrikapenetik asko; salaketa egiteko bada ere. Astra kulturguneak (Gernika-Lumo), esaterako, horixe egin zuen. Armagintza enpresa izan zen, harik eta itxi zen arte. Ezaguna zen horregatik eta, urte asko igaro diren arren pistolarik egin ez dela han, oraindik ere gogoratzen da: bonbardatu ez zuten Gernikako eraikin bakarra. Gaur egun, baina, Astra sormenerako eta kulturaz gozatzeko erreferentziazko fabrika bilakatu da. Badira 10 urte okupatu zutela lantegi zaharra. Bada hamarkada bat hiltzeko makinak egiteko zen lanlekuak bizitzeko eta gozatzeko proiektuak sustatzen eta elkarbanatzen dituela.
Gure herriko ekonomiaren parte izan ziren fabrika haiek gure kulturaren parte gisa. Are, ondasuna sortzeko balio izan zuten eta ondare bilakatu dira.
Sarrailak ez baitira soilik ateak ixteko.