Horra hor pertsonen arteko elkarlana erdigunean kokatzen duen etxebizitza politika berritzaile eta aintzat hartzeko bat, udal batek bere esparruan egin dezakeenaren adierazpide.
Halaber, erakundeen eskumenen eztabaida faltsuaz harago –erakundeek dituzten eskumenak argi daude, eta hura aldarrikatzea aitzakia besterik ez da–, benetan ezbaian dagoena borondatea da. Eskas aritu izan dira orain arte erakundeak afera horretan, eta hori ukaezina da, merkatuaren egoera beldurgarriari begirada bat ematen badiogu.
Babestutako etxebizitza berrien eraikuntzari bide egiten zaion heinean –datozen lau urteotan 7.000 eraikiko direla dio Eusko Jaurlaritzak–, badago Usurbilgo Udalak hartutako neurri berritzailea imitatzerik, esaterako. Norabide horretan, bereziki neurri biren beharra azpimarratuko nuke nik: merkatu libreko etxebizitzak alokairuan hartzeko dirulaguntza-lerroak indartzea –gazte eta kolektibo sozial ahulengan arreta jarriz–; eta, tentsiopeko eremuetan alokairuen topea ezartzeaz gain, erosketarako diren etxebizitzen salneurrien kontrola aplikatzea.
Bidezkoa eta urgentea iruditzen zait merkatuari benetako neurria jartzea; hots, erregulazio serioa, konplexurik gabekoa –izan ere, merkatuak berak konplexu guztiak galdu ditu–, ekonomiaren beste hainbat sektoretan gertatzen den erara, azken finean, eta Europako hainbat eskualdek zein udalerrik jada egiten duten moduan: tartean, Paris, Brusela, Oslo, Berlin, Amsterdam edo... Usurbil. Zorionak Udalari, eta joan gaitezen apunteak hartzen.