Europa eta immigrazioa

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2024ko eka. 1a, 00:00

Ekainaren 9an, Europako Batasunak bere etorkizunerako garrantzitsuak omen diren hauteskundeak egingo ditu.

Immigrazioa, berriz ere, eztabaidarako gai erabakigarria izango da. Azken boladako mezu zaratatsuenak oihartzun errepresiboekin baino ez datoz bat, immigrazioa biolentzia edo haustura sozialarekin uztartuz, xenofobiaren mugarri labainkorra gainditzetik gertu.

Alde batera utzi ohi dira bestelako mezu batzuk; alegia, mundu osoan milioika lagunek dutela heriotzatik, gosetik, hondamendi naturaletatik edo jazarpenetik ihes egiteko eskubidea eta behar existentziala, edo Europako gizarteek derrigorrez segurua eta arautua izan behar duten immigrazioari zor diotena, aberastasun interkulturalaren edo ekarpen ekonomiko, fiskal eta demografikoaren ikuspuntutik, esaterako. Horiexek dira immigrazio politika gizatiar eta aurrerakoi bat ehundu behar duten datuak. Turkia, Tunisia edo Egiptoko gobernuekin akordioak tarteko, iheslariak inolako bermerik gabe hirugarren herrialdeetara jaurtitzeak norabide ustelean kokatzen gaitu.

Migrazioaren zioan ez dago giza eskubideen aurka egin dezakeen tratamendu-formula berritzailerik, konplexurik gabe gero eta ozenago ultraeskuindarrek nonahi inposatu nahi duten bezala. Inoiz ez da behar adina azpimarratuko migrazio-erronkei eskuin muturraren ideia arrazista eta ez-eraginkorrekin aurre eginez, ideia ultrak sendotzeaz gain, herritarren artean immigrazioari buruzko pentsamolde gatazkatsua zabaltzen dela. 

Zalantzarik gabe, desorekak sortzen dituzte migrazioek, baina ez dago inolaz ere horiek bideratzerik europarrak bezala lotsa sentiarazten diguten bidezidorretan barrena; ez dago behar bezain harresi altu edo sendorik bigarren aukera bati eusteko gizabanakoaren borondatea uka dezakeenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak