Euskara, denontzat

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2022ko urr. 29a, 00:00

Lelo horri eutsiz euskal hizkuntza-politika berritzeari buruzko hainbat eztabaida-proposamenen alde egin berri dute, besteak beste, Joseba Erkizia HABEko zuzendari ohiak eta Miren Lourdes Oñederra euskaltzain osoak –30. aulkia–.

Doakotasuna defendatu dute; hots, euskaltegi-sareko matrikulen prezioa hizkuntza ofizialeko matrikulekin parekatzea, eta gero, itzultzea, klasetara joateko baldintzak bete ondoren. Era berean, enpresa pribatuen langileentzat funts publikoekin ordaindutako lan-baimenak aldarrikatu dituzte, euskara ikasteko denbora izateko, sektore publikoan dauden programen ildotik. Halaber, ezagutza egiaztatzeko sistema berriak eskatu dituzte, indarrean direnekiko nolabaiteko malgutasuna proposatuz eta euskara-mailak arautzean bestelako formulak aintzat hartzeko gonbita eginez: euskaldun agrafo, ahozko edo belarriprestdirenen errealitateak jasotzea, esaterako. Bestalde, egoera soziolinguistikoak eta hizkuntza ikuspegidun zerbitzuen benetako eskariaren neurketa kontuan izateari buruz ere ageri dira, nonbait, normalizazioaren helburuak eta errealitatea parekatu nahian, bidean eskubide linguistikoak bezain garrantzitsuak diren beste zenbait eskubide uztartuz. 

Proposamen-ildo interesgarria deritzot, ez bakarrik aurkezleen maila eta prestigioagatik, baizik eta eztabaidarako eskema berri baterantz hurbil gaitzakeen aukera izan daitekeelako. Erakargarria, bide batez, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE), Euskal Estatistika Erakundearen eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren datu anitz oinarri izanik, errealitate gordinetik abiatzen den ekimena delako. Adibidez, gure eskualdean biztanle gehien duen udalerrian, Arrasaten, gaztelania ohiko hizkuntza dutenak %55,2 dira, euskara dutenak %25,96 eta biak ohiko dutenak %15.86. Badago zer eztabaidatu. Erronka, honetan ere, akordioa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak