Klima aldaketak eta Errusiak Ukraina inbaditu izanak eragindako ondorioei tartea emanez, han-hemengo buruzagiak hitz apokaliptikoak erabiltzen hasiak dira. Aintzat hartzeko abisu serioak argi eta garbi parekatzen ditugu jada: uda historikoa bero-boladei dagokienez, inflazio tasa eroa edota, aurki, tentsioz beteriko giroa hitzarmen kolektiboen eta soldaten negoziazioetan.
Gerrak, bloke atomizatuen arteko botere-borrokaren adierazgarri, Ukraina turko-buru hartu duen sarraskiak, berezkoa zaion hondamendiari ekingo dio, eta epe ertainean, bederen, hala izango delakoan nago. Utzidazue hemen gustura galduko nukeen apustu bat egiten: ez da aldeen arteko su-etenik izango 2023ko hasierara arte, udaberri aldera arte, hain zuzen, noiz Europako Batasunaren presioagatik eta bi aldeetako bakoitzak ezin duela garaipenik lortu ikusita, armak isilduko diren; Ukrainak bere lurraldearen %20 galduko du Mendebaldeko klubean erabateko integrazio azkar baten truke, eta Krimeako zein Donbassko lurraldeak mundu erdiko etsai bilakatu den Errusiarentzat pasako dira, akaso, estatus berri baten baitan. Artean, hotza baino hotzagoa izango da negua han.
Usteak uste, ondorio lazgarriez gain, egunerokoan ikusten ditugunez eta beste batzuek urrutian pairatuko dituztenez harago, erabateko krisi hau ez omen da sakonagoa izango? Ez al gara sistema-krisi baten erdigunean egongo, urteetan zehar garatzen joan den ekaitz erraldoi baten epizentro berean? Halaber, ez genioke indarrean dagoen sistema ekonomiko, energetiko edo militar honi, erronka demokratikoari eutsi gabe, jasangarritasun, buruaskitasun eta efizientzia klabeetan buelta eztabaidatu baina berehalako bat eman beharko?