Haurtzaroko ezagun estimatutzat daukat Manu Gomez egile arrasatearra, aspaldian ikusi ez dudan arren. Lagunak ginen txikitan, Maalakoa hura, Iturriotz kalekoa ni. Ikastetxe ezberdinetakoak, baina urte berekoak. Hura dugu lan honen gidoigile eta zuzendari.
Nahiko islatuta ikusi dut neure burua filmean protagonista diren mutikoen eguneroko nondik norakoetan. Nekez atzeman dezaket orain, baina, garai batean, horrelakoak sentitu nituen nik ere. Biok sentitu genituelakoan nago. Tipula-geruzak zurituz gero, bada bizipenen lekuko amankomunik, ziur.
Irakurritako kritikak ez datoz bat. 70eko eta 80ko hamarkadetan industriak zeharkatutako euskal udalerri baten soziologiari buruzko konexio sakonak egin nahi dira horietako batzuetan. Manurentzat, aldiz, hori guztia testuinguru bat besterik ez dela uste dut; hots, kontakizunerako aitzakia, ezinbesteko atrezzoa. Izan ere, gidoi sendo, sentikor eta, era berean, umoretsu baten bidez, bestelako aurrekontu-erakustaldirik gabe, gainera, herriko umemoko askok bizi izandako haurtzaroari begirada bat eraikitzen du hortik aurrera: kalean jolasteko grina, inguruneaz jabetzeko egarria; eta, bide batez, gertakari anitz ez-ulertzearen ziurgabetasuna edo unean uneko konplexutasunaren testigantza dira ikus-entzunezkoaren osagai nagusiak.
Mila esker, Manu, lanagatik. Ados egongo al zara? Ea laster ikusten garen eta honetaz lasai hitz egiterik dugun.
Zorionak eta ez utzi sortzeari, arren.