Hezkuntza-itun berrirantz

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2022ko mar. 19a, 00:00

Nazioarteko testuinguru triste eta lazgarriak balio demokratikoetan oinarritutako hezkuntzaren garrantzia gogorarazten digun egunotan, lege bihurtuko den hezkuntza-itun berri bat lortzeko bidea aztertzen ari da Eusko Legebiltzarra. Etorkizuneko euskal gizarterantz goazen beste zeinu bat.

Eztabaida luze joango da, hala merezi duelako. Aurrean dugun apustua ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Dagoeneko indarrean den eredu zaharkituak ez die euskal hezkuntza-sistema gidatu behar duten printzipio nagusi biei behar bezala erantzuten, nire uste apalez.

Lehenik eta behin, gizartekohesiorako baliagarri izatea. Horretarako, premiazkoa da lehentasunen ordenaren estreinako postuan hezkuntza publikoa jartzea, honek benetako aukera-berdintasuna bermatzen duen heinean. Bigarrenik, egungo segregazio eskolarra eta linguistikoa gainditzea, legez ghettoak eragoztea eta euskararen normalizazioa kimeratzat duten zonak saihestea, eskualde eta udalerri askotan gertatzen ari den bezala.

Esango nuke, halaber, tamaina erronkaren aurrean eta hezkuntza elkarbizitza, ekonomia edo kultura bezain oinarrizkoa izanik, zuzenean inplikatuta dauden hezkuntza-eragileetatik harago zabaldu beharko litzatekeela ituna, eta azkenean adosten denak herri itun parte-hartzailea beharko lukeela izan. Anbiguotasunik gabe. Printzipio edo helburu argietan oinarritutako neurri zehatzekin. Erronka berriei aurre egiteko asmoarekin; alegia: finantzaketa aski eta eraginkorra, jaiotza-tasaren jaitsiera, gehiegizko eskaintza, hezkuntza-premia bereziak, eraldaketa teknologikoa, irakasleen formakuntza eta euskal gizarteari propioa zaion aniztasun gero eta handiagoa, herritarren jatorriari dagokionez, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak