Gezurrak barra-barra

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2022ko urt. 22a, 00:00

Hemen eta orain bizi garen honetan, gezurra gizartearen ezinbesteko motor ez ote den galdetzen diot neure buruari maiz. Neurri batean edo bestean, denok gara gezur-egile. Aitortzen duguna baino gehiago, sarritan. Baina salbuespenak salbuespen –eta, zorionez, badira erabatekoak–, politikaren, komunikabideen, sareen edo ingurune digitalaren arloetan azkenaldian behatzen dudana etikoki jasangarriak diren maximo batzuetatik harago igarotzen ari dela esango nuke. Ez naiz bidezko eta beharrezkotzat jotzen ditudan gezur errukior zoragarri horiei buruz ari. Amen-omen, zurrumurru edota oinarri enpirikorik gabeko baieztapenei buruz ari natzaizu, hain zuzen.

Estreinako galdera horren eskutik bigarren bat ere badaukat: non dago muga? Non gaindiezinezko zedarria? Gizarte-ekintza konstruktibo orok gutxieneko egiatasun neurri bat eraman behar duela deritzot. Zenbat eta handiagoa izan portzentaje hori –bai, demokrazia maila bezala, egia ehunekotan ere neurtu daitekeelakoan nago–, orduan eta osasuntsuagoak eta zintzoagoak izango dira gizarte horren harreman pertsonalak, politikoak edo profesionalak. Demokrazia perfekturik existitzen ez den bezala, harreman perfekturik ere ez dago, baina perfekziorantz hurbil daitezke etsenplu biak, akaso, egia eta haren zenbatekorik altuena oinarri edo ardatz bilakatzen denean.

Bukatzeko, gazte-gaztetatik gaurdaino urteekin ikasitako iradokizun apal bat; alegia, egietan aritzeak estualdi, haserre, etsipen, gaizki-ulertu edo gatazka gehigarririk sor ez dezan –gizartean bizitzea gatazka da, eta egia aurretik jarrita, are gehiago–, funtsezkoa zaigu formak zaintzea: errespetua eta hezkuntza. Halaber, hau berau oro har jarraitu beharreko arau edo eredu hautsezin gisa.

Urterik onena opa dizut, irakurle estimatua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak