Eztabaidak eztabaida, zenbait erantzun samingarriak izan dira. Espainiarrak arazo bezala jotzetik, indarrean dagoen 86/1997 Dekretuaren aplikazioarekin gure herriarekiko inolako loturarik ez duten hautagaiei ateak irekitzen ari zaizkiela iradokitzera, herri batekiko atxikimendua modu arriskutsuan neurtuz; hots, soilik hizkuntza baten ezagutza handiago edo txikiagoaren arabera. Are okerrago, kasuren batean, nahita lotu da euskara ez jakitea militantzia autoritarioekin, erabat ahaztuz Euskal Herrian ehunka mila herritar daudela euskaraz hitz egiten ez dutenak, ez dakitelako, ulertu baino ez dutelako egiten… Autoritario espainiar ultraeskuindarrak ote dira horiek guztiak?
Beste behin ere, hizkuntz profilekin zartadaka gabiltza, hizkuntz eskakizunen konturako eskubide objektiboen arteko liskar nahasi, ilun eta etengabean. Lanerako eskubidea, herri-administrazioaren aldetik edozein hizkuntza ofizialetan artatua izateko eskubidearen aurrean. Edo alderantziz. Auzitegiek ebatziko dute.