Azter dezagun Ada Colau Bartzelonako alkatearen kasua. Bere azken txioan esan duenez, "sarea intoxikazioa eta higuina bultzatzen duten profil faltsu eta anonimoz bete da". "Presentzia iraunkorraren tirania" ere aipatzen du: "Guztiaz, une oro, iritzia eman behar izatea". Antza, sareak energiak xahutzen dizkio eta ezin du alferrik galdu, alkate gisa duen erantzukizuna kontuan hartuta. Sarritan, eztabaidak ustelak direla iruditzen zaio, dimentsioz kanpo, eta "errespetua, enpatia, entzumena, pedagogia, ñabardurak" eta halako gutxieneko elementuetatik urrun daudela, horiek ezinbestekoak direlakoan gizaki gisa eragiten digun edozein gairi heltzeko. Alkatearen esanetan, "Twitterretik kanpo pertsona hobea" da eta sarea uzten du bere lana "hobeto egiteko eta pertsona hobea" izan nahi duelako.
Hura denon jomuga izan beharko litzateke. Nire kasuan, sare sozialak errealitatearen konplexutasuna iturri serio eta ezberdinen bidez behatzeko baino ez ditut erabiltzen; alegia, deus esan gabe, ikusi eta ikasi egiten dut –1989an Delirium Tremens rock taldearen diskoak eta abestiak zioen bezala–. Saiatu, behintzat.
Azken batean, inguruko errealitate konplexu eta, batzuetan, jasanezinaren konposizio-argazki bat egiten laguntzen dit horrek, tokikotik hasita mundu osora. Zentzua du niretzat sareetan horrela egoteak, nahiz eta beste forma batzuk ulergarriak iruditzen zaizkidan; betiere, errespetua eta hezkuntza galtzen ez badira. Colauren kasua, denera, erraz ulertzekoa ere.