Kulturgintzari egozten zaionean ere, halaber, kontzeptua ondo ulertzearen aldeko saiakera egin beharko genuke. Zertan datza kulturaren krisia? Jarraian zenbait ideia:
Hasteko, kulturaren kudeaketa krisia eta kontzeptu beraren krisia ezberdinduko nituzke. Lehena baliabide publiko eta pribatuen arteko erlazioa behar bezala ulertu ez dugulako etorri da. Biak osagarriak dira; are gehiago, ekimen pribatua behar-beharrezkotzat jotzen dut, baina soilik sostengu publiko sendoa duen politika kultural batek berma dezake kulturgintza kritiko eta buruaskia. Hain zuzen ere, kultura kontzeptuaz hori da nik ulertzen dudana, alegia, sortzaileek hainbat tresnaren bitartez sortzen duten adierazpide multzoa, kritikoki eta era independentean gizakiari eta bere gizarteari itauntzeko balio duena.
Eta baliabideak, nola aseguratu? Ogasun publikoaren mailan bidea ezinbestekoa da: ustelkeria mapatik ezabatuz; lehentasunak ondo finkatuz (Osakidetza, menpekotasuna, hezkuntza, kultura, inbestigazioa…); iruzur fiskala murriztu eta desagerraraziz; eta, funts publikoak handituz, hots, progresibitate fiskal sakonago eta kreatibo bat aintzat hartuz (soilik zerga zuzenen bitartez, izan ere, BEZ bezalako zerga ez zuzenen igoerek, injustuak izan ez ezik, ez dute arazoa konpondu). Horrekin guztiarekin, azken batean dirua lortuz, euskarri, bitarteko eta infraestruktura egokiak gizarteratzeko, fisikoak nahiz formatiboak. Ekimen pribatua indartzeko, aldiz, laguntza publiko zuzenak behar dira, baita finantziazio bide errazago, anitzago eta erosoagoak. Malguagoak.
Eta eremu publiko eta pribatuaren uztarketa, nola gauzatu? Gurean oso arrakastatsua izan den esperientziari bueltatuz: arazoen erroko ezagutza, koordinazioa, elkarlana eta kulturaren kudeaketa kooperatiboa, iraganaren klixeak gailenduz eta, denera, kulturaren ekonomia soziala sustatuz.