Jabego intelektuala kolokan

Erabiltzailearen aurpegia Martin Calvo 2014ko urt. 24a, 00:00

Jabego intelektualak arerio boteretsuak izaten jarraitzen du.

Garrantzitsuena, teknologia berriek ahalbidetzen duten legez kanpoko eskuratzea. Estatuko biztanleen kontsumo ereduak neurtzen dituzten txostenek pirateriaren egikeran potentzia mundialtzat jotzen gaituzte, Txina, Hego Korea edo Vietnamekin parekatuz. 28ko Europan legez kanpoko on line jaitsieren zerrendan lehenak gara.

Askatasuna lapurreta hutsarekin nahastu da; atzean sekulako hezkuntza eta kultura gabezia ezkutatzen da. Honakoa etengabeko eraldaketara behartuta dagoen kultur industria (Barne Produktu Gordinaren %6 Euskadin) suntsituz doan errealitatea dugu. Milaka lanpostu desagertzen dira urtero liburugintza, zinemagintza eta musikagintzaren sektoreetan pirateriaren ondorioz.

Indarrean diren arauen erreforma proiektuek, beharrezkoak izanik, ez diote arazoari errotik helduko jabego intelektualaren eta autore eskubidearen alde benetako pedagogia bideratzen ez badute, eskoletatik bertatik hasita. Giza Eskubideen Deklarazioak badu kontzeptu bi hauen aldeko aipamenik (17 eta 27.2 artikuluak), baina aitorpenek eta legeek ekarritakoa gutxi izan da.

Jabego intelektualaren aurkako beste fronte bat fiskalitate eredua dugu. Gobernu kontserbadoreek, norbanako fisiko eta juridikoek irabazitakoaren zerga zuzenak era progresiboagoan aplikatu ezean, kontsumoa mugatzen duten zerga ez zuzenak indartzen dituzte. Estatuan ezarritako BEZaren %21 kontsumo kulturala itotzen ari da, baita ekoizpen eta autoretza kulturala ere. Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiaren arabera, 2008tik arte eszenikoen ikuslegoa %28 jaitsi da Euskadin.

Jabego intelektualaren funtsa den autore eskubidea adierazpen kulturalaren bermea da. Autore eskubiderik gabe ez dago kulturgintzarik, ezta ekoizpen kulturalarekin batera joan ohi den gizarte heldu eta kritikorik ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak