Esan gabe doa hauetako askok baserri giroan dutela jatorria; beraz, gure bizimodu aski moderno eta urbanoetan bat baino gehiago ulergaitzak egingo zaizkigu, seguru asko.
Urte luzez, herritik ehunka kilometrora giltzapean preso zeraman oñatiar bati bisitan joan gintzaizkion batean, kartzelako 40 minutuko solasaldian politikaz ere hitz egin genuen, jakina, eta politikariren baten inguruan ari ginela, gutako norbaitek "jan-txakur" aipatu zuen definizio gisa. Ondo gogoan dut harriduraz nola erantzun zigun: "Jan-txakur! Bai, horixe! Baina oraindik ere erabiltzen al dira, bada, halako esaerak zuon gazteon artean?". Berak, baserriko semea izaki, herriminez edo baserriminez, antza, gustura aditu zuen hitz hori.
Zuetako askorentzat ezereza izango den anekdotatxo hau dakart zutabera, ezin aproposagoa iruditzen baitzait aipatu hitz hori Cerdan, Abalos, Koldo… bezalako jendilajea definitzeko.