Aldaketak askotarikoak diren arren, bada bat, nire iritzian, bereziki aipagarria dena: aurrerantzean ikasleak konpetentzien arabera ebaluatzea.
Oro har, iruditzen zait ziaboga honen norabidea egokia dela, nahiz eta ziaboga bera ez den egun batetik bestera egiten den horietakoa. Izan ere, egoera berrira egokitzeko ahalegin berezia eskatzen du irakasle, ikasle zein familien aldetik. Baina, esan bezala, helburua kontuan izanik merezi duelakoan nago.
Hezkuntza formalean oso errotua dago momentu jakin batean ikasgai jakin bateko jakintza zehatz baten inguruko ebaluazioa egitea, eta honek, sarritan, hezkuntzak berezkoa duen helburu gorena bistaz galtzea dakar; ikasleak bizitzarako heztea, alegia. Santiago bideko erromesaren metafora datorkit burura, zeinak bidean hiru hargin ikusi omen zituen lan berdin-berdina egiten. Zertan ziharduten galdetuta: lehenengoak "harria zizelkatzen" erantzun omen zion; bigarrenak, "harlandu ahalik eta karratuena ateratzen"; eta azkenak, "katedral eder hori eraikitzen". Hirurak ere lan bertsuan, baina ikuspegi erabat ezberdinak.