Azelerazio prozesu handi bat abiatzeaz gain, betiko balioen likidotze bat ere eragin dute.
Peter Higgs Fisikiako Nobel saridunaren hitzetan, "egiten jakitearen" kultura batetik "jakinaraztearen" kultura batera pasatu omen gara. Beste era batera esanda, mamiak baino azalak gehiago balio duela, alegia.
Irrati-elkarrizketa baten ondotik, Roman Krznaric idazlearen berri izan nuen. El buen antepasado liburuan, lehen aipaturiko bide beretik argi alderatzen ditu gaur egun zabaldua dagoen epe laburreko pentsaera –hark "azukre-laino garuna" deitzen duena–, zeinak momentuko gozamena, kontsumoa, duen helburu nagusi, eta, bestetik "ezkur-garuna", gizakiaren eboluzioaren ondorioz, epe luzerako ikuskeraz, belaunaldi berrien mesedetan jarduteko gai dena. Haren esanetan, tamalez, digitalizazioa, ziklo elektoralak, ekonomiaren finantzarizazioak… epe laburreko agendak ezartzen dituzte, balizko epe luzeko "katedral-pentsaera" baten kaltetan. Hitz handiak, erronka itzelak… eta nondik hasi? Agian, uda garaia denez, ez da abiapuntu txarra sare sozialen zalaparta utzi eta gustuko liburu bati tartea egitea.