Akordatu orduko, Ekiak joko du zeruko gaina. Hortik omen, hainbat antropologoren iritzian: ekaina. Iritsi zaigu udako solstizioa, bertan dira sanjoanak.
Sarritan, irudi luke, egun batez, Elizak, Kristautasunak erditu zuela mundua, bere egutegi eta guzti. Eta egia esateko, ezin ukatuko zaio, helburu horretan, gizaldi eta gizaldietako ahalegin betea, santu-santen izenean, iragan paganoa alboratu nahian, milaka emakume-sorgin erreta, munduaren ulerkera berri bat hedatzeko ahalegina.
Erro zaharrek hor diraute, ordea, eta, zorionez, badugu nora begiratua, zer garen eta nondik gatozen hori ahanzturan erori ez dadin.
Negu latza igaro ostean gure arbaso zaharrek Ekiari egiten zioten gurtza ez zen nolanahikoa izango. Ama lurrari lotuak bizi ziren eta, etorkizuna iragartzeko gailurik ezean, pentsatzekoa denez, lurraren taupadak gertu-gertutik adituko zituzten. Izango zuten, segurutik, mendez mende metaturiko jakinduria bat; jakingo zuten, guk ez bezala, garaiari, urtaroari, zegokion garrantzia eta aitortza egiten. Eta, erroez ari garela, esan behar da, sarritan, Ekiak beste argi eskaintzen digula etimologiak. Izana eta izena.