Horrek esan nahi du ekonomia eta gizarte paradigma berri baterako –askoren begietara utopia dirudiena– oinarriak ezartzen joateko mezu argiak gizarteratzea. Adibidez, desazkundeaz hitz egitea. Kenneth Boulding-ek zera esan zuen: "Mundu finitu baten baitan, hazkunde esponentzial batean sinisten duen hori, edo zoroa da, edo ekonomista da".
Agian, oro har, nahiko eroso gaude, eztabaidaren eremua, betiere, kotxe elektrikoa edo gasolinazkoaren artera mugatzen bada. Baina, agian, ez horrenbeste, eztabaida auto partikularraren erabilera mugen inguruan baldin bada. Adibide bat jartzearren.
Azken mende erdian, ikuspuntu materialetik, konfort maila altuak lortu ditugu gure eguneroko bizitzetan. Gure aitona-amonen bizitzekin alderaketa bat egin besterik ez dugu. Akaso ez zuten autorik, akaso ez zuten asteburuetan, aisialdian, ehunka kilometro egiten, ezta jogurt koloretsurik jaten, ezta egunero-egunero dutxa beroa hartzen ere, baina, seguru asko, lehen itxura batean proletarizatuagoak izanagatik, kontsumoaren ikuspuntu batetik, askeagoak izateaz gain, bizitza jasangarriagoak zituzten.