Aldaketak etengabeak dira eta sare sozialek, informazio iturri etengabeak, dena zipriztintzen du. Nor garen, nondik gatozen, ez ikusteraino. Hortxe nahi gaitu kapitalismoak; olatu artean bakarka igeri, gero itotzear zauden momentu larrian, bere flotadoretxoa eskaintzeko auskalo zeren truke: izan osasun poliza pribatua, izan patinete elektrikoa, biak hileroko kuota erosoetan.
Hortxe nahi gaitu; publikotasun eredu berrien eztabaidetan katramilaturik, atzeko atetik pribatutasuna sukalderaino sartzen zaigun bitartean. Nago gure aurrekoek argiago zutela zer zen pribatua eta zer publikoa. Horren lekuko, agian, amandreari entzungo zenion esaten "esparru horrek herri bidea zor du" edo Araozko adineko auzotarrak herri lurren mugarriak ondo jarri arte bakerik izan ez zuenekoa. Arrazoi guztia zuen, noski. Guk denborarik ez kasu egiteko, gure egunero gauza "garrantzitsuetan". Adibidetxo batzuk besterik ez.