Gauza gutxi ederragorik, euskal kultura eta nortasunaren ikuspegitik. Izan ere, euskal idazle famatu horren hitzetan, agian, moroak izango gara lainopean, herririk ez eta harri txintxarrak besterik ez gure poltsiko zulatuetan... Ez dela lan samurra euskaldun izatea.
Eta eskerrak, lainope horretan, tarteka sartzen diren argi errainuak eta agertzen diren argi distirak.
Euskal jendarte zabal batek barru-barrutik bizi izan du eta oraindik biziko du Handia-k sortu duen distira. Ez da gutxiagorako. Historikoa izan da, eta epikoa ere bai. Harro sentiarazten gaitu.
Izan al genezake enbaxadore hoberik kalitatezko euskal produkzio bat munduan zehar ikusgai izatea baino?
Argi distira ez ezik, oinharri handi eder bat –patata izan zitekeen arren! Kar, kar– gure herri zahar honen harresia gogortzeko lanetan, zergatik ez.
Bueno, eta esan behar dut, agian, honetan guztionetan niretzat ederrena izan dela norbere kuadrillako laguna telebistako pantailan ikustea, pajarita jantzita, Madrildik, euskaraz, etxekoak eta lagunak agurtzen.
Merezitako omenaldia jaso du egunotan Handia-ren ekoizpenean parte hartu duen lantaldeak. Oñatiko herriak ere dagokion neurrian bere egiten du eta sentitzen du Handia-k jasotako errekonozimendu hori. Laster, aukera izango dugu Aitorren bizipenak bertatik bertara entzun eta berriz gozatzeko. Santa Anan izango da otsailaren 19an arratsaldeko zazpietan. Eta, nola ez, Handia berriz ere itzuliko da gure herriko zine aretora otsailaren 16-18ko aste bukaeran.
Zorionak, bihotzez, Aitor, Amaia, Martin eta etxeko guztiei!
Seguru guztiek duzuela zuen zatitxoa Goya sari horietan.
----------
Mikel Biain Berraondo
Oñatiko alkatea
Oñati