"Oñatiko EAJko aurreko Udal Gobernuaren gardentasun eta kudeaketa 'bikaina"

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Biain Berraondo 2013ko eka. 17a, 02:00

Aurreko asteko ostiralean Oñatiko udaletxean EAJko oposizioko bozeramaileak sinaturiko gutuna...

... irakurtzeko aukera izan genuen Noticias taldeko egunkari batean. Bertan, Oñatiko herritar askok atez atekoarekin hasteko ilusioa dutela ez onartzeaz gain, kuboen banaketaren arrakasta herritarrek "fitxatuak" geratzeko duten beldurragatik zela ondorioztatzen zuen eta Diogenesen sindromea ere ironiaz erabiltzen zuen bere ondorioak azaltzeko. Ez da lehenengo aldia Oñatiko oposizio-buruak herritarrak beldurtuta ditugula esaten diguna. Urte hasieran balkoietako poltsen kanpainak goia jo eta espero baino emaitza kaskarragoak ikusitakoan, jendea "beldurtuta" dagoela adierazi zigun.

Egun hiri hondakinekin dugun arazoa kontuan izanik, Udal Gobernua osatzen dugunok hauteskundeetara aurkeztu ginen momentutik argi eta garbi esan genuen gure herrirako atez atekoaren aldeko apustua egiten genuela. Pasa zen urteko martxoan Atez ate, auzoz auzo izenburupean buruturiko saioetan 900etik gora herritarrek parte hartu zuten. Saio hauetan, hiri hondakinen arazoa, Europako 2008/98 zuzentarauak finkatzen duena, errausketa, agertoki ezberdinen arteko alderaketa ekonomikoa, etab. azaldu zitzaien herritarrei bertatik bertara.

Aurtengo urtarrilean buruturiko parte hartze saioetan 800etik gora herritarrek parte hartu zuten eta Oñatiko ereduari ekarpenak egin zizkioten: bilketa moduak, esekitokien kokaguneak, ordutegiak…100etik gora ekarpen jaso ziren eta Udalak denak aztertu ditu.

Azkenik, maiatzean ezarpen fasean sartu ginen. Burutu ziren 12 bileretan 1.400 herritarrek parte hartu zuten. Bilera hauetan, Oñatin abian jarriko den sistemaren ezaugarriak jakinarazi zitzaien herritarrei, aurreko saioetako ekarpenen berri emanez eta lehenetsitako aukerak azalduz.

Buruturiko saio guztietan hondakinen arazoaren inguruan denetariko iritziak entzun dira: bilketari dagokionez, tratamenduari dagokionez… era guztietako iritziak eta eztabaida interesgarriak, baina, betiere, normaltasun giroan.

Oposizio-buruak sinaturiko gutunean, Bilduko Udal Gobernuaren gardentasun falta eta kudeaketa kaskarra ere aipatzen zituen. Seguruenik, ez dugu berdina ulertuko gardentasunaz eta kudeaketa onaz. Hori izango da. Gogoratu behar da pasa zen urteko urrian Mankomunitatetik bailarako udaletako oposizioko taldeen esku jarri zela atez atekoaren ezarpenaren txosten ekonomiko zehatz bat. Oñatiko Udaleko oposizio-buruak ere txosten honen kopia eskuratu zuen.

Bestalde, esekitoki, eskuorri eta abarretan ere "milaka eta milaka" euroko kontrol bako gastua leporatzen zigun. Argitze aldera esan behar da esekitokiei dagokienez 78.000 euro direla Oñatiri dagozkionak (Mankomunitateak ordainduak) eta, bestalde, komunikazio euskarriei dagokienez 2012. eta 2013. urteetan 4.000 euroko gastua burutu dela.

Aurreko Udal Gobernuaren "gardentasun" eta kudeaketa "bikainaz" luze eta zabal hitz egin liteke. Adibide bat jartzearren, Urrutxuko makroproiektua. Obra guztiaren kostuen aurreikuspena 13.000.000 eurotik gorakoa izan zen eta obra ez bukatu arren 850.000 eurotik gora ordaindu zitzaizkion aholkularitza enpresa bati eginiko azterketen honorario kontzeptuetan.

Zenbat herritarrekin partekatu zuen EAJko Udal Gobernuak proiektu honen ezaugarri, kostu eta bideragarritasuna?

Egungo Udal Gobernuari ere, 2011ko ekainean, gobernu aldaketa burutzeko momentuan, ez zitzaigun Urrutxuko lanen inguruko finantza egoeraren berri eman eta Udalean sartu eta hilabeteetara jakin dugu Udalak %51ko jabetza duen enpresa batek 700.000 eurotik gorako zorra duela hirugarren enpresa batekin, proiektuaren kudeaketan izandako aurreikuspen faltaren ondorioz.

Gardentasunaren eta kudeaketa onaren inguruan denok izango dugu non hobetu, ez dugu zalantzarik. Guk konpromisoa hartzen dugu bide honetan ahalegin berezia egiteko, baina inolaz ere ez dugu onartuko EAJko bozeramaileak honen inguruko ikasgaiak ematea.

--------------------

Mikel Biain

(Oñatiko Udal Gobernu Taldearen izenean)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak