Mende batzuk igaro dira dagoeneko indar kolonizatzaileek pastela eskuaira eta kartaboiz zatitu zutela. Baita bertakoak zapaldu eta baliabide guztiak lapurtu zizkietela. Onenek, lanerako apartak zirelako, atzerrian esklabotzan aritzeko Erasmus bekak jaso zituzten. Nota ematen ez zietenak euren etxean bertan apartatuak eta abandonatuak izan ziren. Ondoren etorri ziren diktadoreak, gerrak, pobrezia, izurriteak, gosea...
Denbora luzean, egoera jasangaitzak bultzatuta eta laguntza eskatzeaz nekaturik, salto mortala egitera ausartu ziren asko eta asko. Bestaldean geunden gu, lurraren jabe ginenak, sistema ekonomiko mundialean (inork sekula ulertu ez zuena) muturra sartu nahian. Arazoak identifikaturik genituen eta soluzioak bikainak ziren: hamar metro altuerako hesiak, hortzaz beteak. Eureka. Hau ikusita, gogoan dut Fidel Castro Ruz iraultzaileak esaten zuena: "Zertarako balio du zibilizazioak orduan? Zertarako pertsonen kontzientziak?". Batzuek asmatutako istorio bat zela zioten eta beste asko lasai zeuden. Hirugarren Munduko lurralde pobreenetan bakarrik erailko zituela. New York, Oslo, Paris edo Antzuolako baten odolak hangoenak baino gehiago balio zuelakoan. Heriotzak, ordea, ez du sobornorik onartzen eta musu-truk ematen dizu pasea. Geldiezina zen eta alde guztietatik zetorren, sukaldeetan izan ohi ziren ke-xurgatzaileek belarrietatik barna eragiten ziguten deserosotasuna bezala, piztuta utzirik genuela konturatu ere egin gabe afaltzen geundela. Ebola, ebola…