Kuttun-kuttuna zuen España frankistak eta ondokoak ere ez du pitzaturik arinena onartzen doktrina horretan. Oroit Aznarrek Marokoko kosta aurrean, Perejil izeneko harkaitz gainean, 2002an eginiko zirkoaz; Ibarretxe Planarekin 2005ean Parlamentuan gertatutakoaz; edota Epaitegi Konstituzionalak 2010ean edo Raxoik, oraintxe, Kataluniaz hartutako erabakiez, bertako iritzi politiko zabalduenaren kontra.
Hain aldagaitza du Españak bere subiranotasun-erroa? Ekonomiaren krisia soziala eta politikoa ere bihurtua dugunetik, Españaren subiranotasunaren zuztarrak barrea eragingo liguke, negarra besterik ez balerigu geure zorigaitzean.
Zertan da, non dago subiranotasun horren marka burutentea Europak, Alemaniak, Troikak, merkatuek eta enparauek Españari, kopla eta eten barik, ezartzen dihardotsen arau, kontrol, murrizketa eta mozketen erauntsian?
Hori guztia da subiranotasunaren neurria, gordin-gordin; eta Raxoi, hemen oilar harroskoa, errekadista umegorri bat baino ez dute Europan.