... munduko ofizio zaharrenaz eztabaidatzearen afizioa. Eztabaidak eztabaida, nago irakurleari gogora etorri zaiona bezain antigoalekoa dela espioitzarena; izan ere, pertsonok pertsona garenetik dugu etxekoneko berri jateko grina.
Zelatari-lana erabakigarria izan da gerrateak irabazteko, negozioetan trebetasun-itxura emateko zein era guztietako lehietan aurrera egiteko. Eta jakina, kuxkuxeroen kontrako prebentzioari gripetik geure burua babesteko bufanda lepoari lotzea bezain naturala deritzogu. Prebentzio hori, hala ere, maskaltzen hasia dugu zoko-moko guztietan bideokamera begi biribil bezain begirada luzekoak daudenetik.
Espioi-lanetan azken urratsa ematera etorria, baina, Google da. Lotsa zokoratu (non gordetzen du lotsa Googlek?) eta Interneten intimitate-arrasto oro baztertu beharra dagoela esana du Googlek, pribatutasuna kontzeptu zaharkitua dela gaineratuz.
Europako agintariak bilatzaileei eta sare sozialei erabiltzaileen pribatutasuna gordearazteko neurriak hartzera doazenean, Google datuen trataera aldatzera doa, datu horiek, gure datuak, gmail, Google+ eta Picasa iturrietan lortuak, hobeto mirubuztandu eta zukutu ahal izateko.