“Nazionalismoei buruz hausnartzeko eta ikertzeko, inoiz eta inon egin den lehen masterra martxan da Euskal Herriko Unibertsitatean. Duela hiru aste hasi zen Euskal nazionalismoa XXI. mendean ikerketa masterra, baina atzo izan zen hasiera ekitaldia”.
Aitziber Laskibar
'Berria' > 2010-11-05
Estreno-usañian dator notizia; izen be nazionalismuaz xalotasunez jarduteko asmuak berak halako galdera bihurri eta muker bat eragitten dau: pozoirik gabe? Halabiharrak halaxe nahi izanda EHUn masterra hastiarekin bateratsu 2010eko Nobel sarixa Vargas Llosa idazle bikañari emon dotse. Literaturako Nobel sariduna aukeratzen daben batzordekuak jakiñaren gañian ete zeren EHUn halako masterra emoten hasi barrixak dirana?
Nobel saridun barrixa bere 74 urtetan munduari hamaika jirabuelta emondakua da; bizi be, urtian zihar, bizpahiru lekutan bizi izaten da, eta asko irakurri daben mutilla da; idatzi, berriz, usuak hegaran letxe egiten dau: asko, aguro eta ondo. Eta horren guztiaren ondorioz, bistan da, munduan diran nazionalismo gehixenen kontra
ondo bakunatuta eta zentzatuta dago.
Baña Vargas Llosa be nazionalismua ahotan hartu eta (izurrite bat dala diño) leziñuak emoten diharduan idazle eta pentsalarixen kate luzian begi bat baño ez da, dotore-dotoria, baña kate-begi bat baño gehixago ez, hemendik aurrera zaratatsuagoa izango dana. Gure artian nazionalismo ixa danen kontra daren askojakiñen soka hori luze-luzia da, jakiña danez. Hor sailkatzen dira atalaje frankista izandako Areilza, De la Cierva edo Manolo Fraga modukuak; edota munduko gaitz guztiendako irtenbidia dakixen Juaristi, Savater edo Arteta moduko jakinkilluak.
Jende saiatua da hori guztia nazionalismuak, españolak ez beste danak, eragitten dittuan kaltiak eta okerrak esplikatzen. Zenbat esames, jardun, hasarre, ernegu eta artikulu español nazionalismua ez dan beste edozein baztertzeko modukua dala señalatzen, beste inongo bereizketarik egin barik! Nazionalismuaz, pozoirik gabe? Horixe masterra!