Baina uste dut gizartean, oro har, guri buruz zabalduta dagoen usteez eta lan-epaiketez gaindi, benetako errealitatea mahai gainean jartzea beharrezkoa dela; oporrez eta soldataz haratago, gure egunerokoa konplikatuagoa baita.
Ane euskara irakasle eta tutorea da DBHn. Tutoretzan 24 ikasle eta 46 guraso dauzka. Gelan aniztasun hau du: Marokoko etorri berri bat, euskaraz eta gaztelaniaz ez dakiena; arreta gabezia duten bi; harrera-etxean bizi den bat; hizkuntza-nahasmendua duten bi; diskalkulia duen bat; ikasteko zailtasunak dituzten bi; eta suizidio protokoloa irekia duen bat.
Aipatutakoa izan daiteke gela bateko errealitatea; egoera nahiko ona litzatekeena, bide batez. Anek, hori kudeatzeaz gain, aste honetan ia 100 azterketa ditu zuzentzeko, eskolak prestatzeko, notak jartzeko eta ebaluazioko oharrak idazteko. Ez du denborarik egoera kudeatzeko, bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko, jarduera plan pertsonalizatu (JPP) guztiak aurrera ateratzeko, JPPetan adostutako azterketa desberdinak egiteko, gelako gazteak euskalduntzeko... Beraz, etxera eraman du lana; oposizioetarako ikasi eta gero, asteburuan lana amaitzeko.
Aipatutakoa ideia bat egiteko nahikoa dela deritzot; ulertu nahi duenak, uler beza. Greba egitearen arrazoiak egoera horiei aurre egiteko baliabideak eskatzeko izan dira: laguntza-irakasle gehiago egon daitezen, ratioak jaitsi daitezen, euskara plana indartu dadin, burokrazia lanak gutxitu daitezen eta segregazioa ekiditeko eskola publikoen eta kontzertatuen arteko banaketa orekatua izan dadin, besteak beste. Gure greba izan da, baina zure greba ere izan beharko zatekeen. Begia non jartzen den dago gakoa. Publikoa den oro indartu behar dugu; horretarako da diru publikoa, ezta?