Francoren itzalak eguzkia ikustea mugatzen zuen gurean asko eta asko. Hala ere, bost hamarkada baino gehiago pasa eta gero, eguzki argitan, distira betean jarraitzen dute ainubean dantzan hasi ziren haien ondorengoek.
Duela ia 55 urte hasi ziren, besteak beste, Txikitxuko lehen dantzariak arrasatear txikienen oinak saltoka jarri eta besoak gora altxarazten; aipatutako itzal hori esku, kriskitin eta txistu hotsekin apartatu nahian, itzal hotzetan ordeitu ez zitezen. Hogei urte geroago, txiki izandako horiei udaberria iritsi zitzaien; hazi txikienei lorea atera eta, ondorioz, lorategia bizi, anitz eta koloretsu mantentzeko sortu zen Txikitxu-Arrostaitz.
Pasa dira zenbait udazken eta udaberri orduz geroztik, eta baita makina bat arrasatear ere Seber Altube, Zarugalde, Zerrajera eta ospitale ondoko lorategietatik ere. Egun, inoiz baino indartsuago dago taldea kulturaren olan, eta guztia ospatzeko aitzakiarik ez zaigu falta. Hori dela eta, 2025eko urrira arte, azken ekitaldira arte, ekintza andana egingo ditu dantza taldeak. Lili izandako horiek berriz pizteko, egungoak biziago jartzeko eta herrikideak lorategiko parte sentiarazteko.
Sutan hasi ginen duela bi zapatu urteurreneko ekintzen liburua irakurtzen. Lehen kapituluko egitekoak irakurrita, poliki-poliki jarraituko dugu liburua hitzez hitz, kapituluz kapitulu gainontzekoak irakurriz, osatuz eta betez: janzten, ereiten, oroitzen, loratzen, zeharkatzen eta lotzen amaituko dugu urtebete barru irakurketa.
Ahaztu zaizkigu 70eko itzal, ainube eta ordeiak. Aurrera egin zutenen pausoak jarraitu ditugu orduz geroztik, datozenek ere jarraituko duten segurantzaz. Guk urratsak sendo egiten jarraituko dugu, oinek arin dantzan jarrai dezaten.