Azken asteotan zabaldu den bideo baten muina dira galdera horiek. Naizen sortu dute adin txikiko Euskal Herriko haur transexualen familiek. Badu izen horrek berak nahikoa zuku ateratzeko. Aztertu dezagun bada, naiz(en) hori, gure ni-a litzatekeena. Ba al dakigu nor garen? Ez da egunerokotasunean buruan dabilen galdera horietako bat, badakit. Argiago dugu, akaso, zer izan nahi dugun edo zertan aritzen garen, ezta? Baina nor garen definitzeko, garatzeko eta lortzeko ezer gutxi egiten dugula esango nuke.
Begira diezaiogun iraganari orain: (Nai)zen: nor izan ginen –inoiz izan bagara– gogoratzen al dugu? Eta zergatik izan ginen nor hori? Etorkizunean bizi garenez orainean baino gehiago, iraganeko galdera egitea gehiegi izango da, beharbada, baina pentsa dezagun horretan ere noizean behin. Na(h)i-zen hori izatea lortu edo bultzatzen zen, akaso, eta hortxe egon zen eta dago akatsa. Baliteke, hirugarrengoen eraginez garela egun garena, gaur na(h)i-zena zutelako horiek helburu. Beharbada, Maider (na(h)i)-zen Eder izango nintzateke orain bestela; edo zu Josu jaio zinen Josune; Oihana jaio zinen Oihan; Aner jaio zinen Ane; Jon jaio zinen Jone; Julene jaio zinen Julen edo Ikerne jaio zinen Iker. Espero dut oraindik aurrera, benetan zarena izango zarela, garela.
Diren hori argi dutenek irakatsi eta erakutsiko digutela guri ere garena; eta guk Naizen hori elikatzen jarraituko dugu, diegu.