Basque herria

Duela astebete inguru Berria-n irakurri nuen euskarazko kultur kontsumoari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuela Elkar fundazioak; honako hau izan zen titular nagusia: Euskaldun gehienek ez dute euskarazko kultura kontsumitzen

Egia esanda, ez zaizkit datuak horren harrigarriak egin, baina hona hemen datu batzuk: papereko euskarazko hedabideak kontsumitzeko ohitura bost euskaldunetik batek du, eta hiru aldiz gehiago dira erdal prentsara jotzen dutenak. Telebistari dagokionez, %42k ikusten dute euskarazko telebista. Euskarazko liburuen kontsumoa euskal herritar guztien kontsumoarekin alderatuta, %6koa da; bai, euskaldunok erdaraz irakurtzen dugu, hiru aldiz gehiago!

Ez irakurtzeko arrazoiei buruz galdetutakoan, gainera, erraztasunik edo ohiturarik eza dela erantzun dute, baita gustuko libururik ez dutela topatu ere. 

Musikari dagokionez, euskaldunen herenera ez da iristen euskarazko diskoak erosten dituztenen ehunekoa.

Horri begiratuta ez dakit zer pentsatu. Ez dakit konplexuz beteta gauden oraindik edo hizkuntzan ote dugun arazoa, eta ez dakit, ezta ere, bietatik zein den gogorragoa. 

Badakit gehitutako BEZak ere ez duela larregi laguntzen, baina pentsatzen dut badela alor bat inbertitu behar duguna, guk gurea kontsumitu ezean, beste inork ez baitu egingo. Eta esango digute bestela, berriz ere, baserriko hizkuntza dela, EITB jarri eta gogoraraziko dizute Basque Country dela gurea, ez Euskal Herria: Itzulia Basque Country izango dela, Basque Culinary Center-en ikasiko dutela ikasleek eta MTV sariak Bilbao Exhibition Centre-n emango direla. Dena oso Basque; ez horrenbeste, euskaldun.

Horrelakoak egitearen azpian dago herritarrok jasotzen dugun kultura, eta honek gidatuko du atzetik datorren guztia. Beraz, saiatu gaitezen gurea dena ere kontsumitzen, gure buruaren kontra, gure munduaren alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak