Dauzkagun konpetentziei esker, Eusko Jaurlaritzak bestelako kudeaketa bat egiteko aukera dauka, eta profesionalez osatutako gobernu honek behar bezala erantzuten omen dio bizi dugun garai gorabeheratsuari. Hori da, behintzat, PNVk behin eta berriz helarazten digun mezua.
Tarteka, ordea, bestelako berriak ere agertu izan zaizkigu komunikabideetan: ustezko ustelkeria kasuak –De Miguel kasua dugu une hauetan entzutetsuena–, gainkostu esanguratsuak obra publikoetan –ia %50era iritsi dira AHTaren zati batzuetan–, Osakidetzako OPEen eskandalua, lagunen arteko mesedeak, eta abar.
Hau da, badirudi ustezko euskal oasi honetan ere badaudela gertaera ilunak, eta gai hauen inguruan gehiago jakin nahiko genukeen herritar talde batek orain arte apenas landu diren auzi hauek argitara ateratzeko hautua egin dugu.
Horretarako, Astintzen dinamika jarri dugu martxan. Orain arte iluntasunean mantendu nahi izan dituzten gaiak plazara atera eta hauen inguruko eztabaida publikoa sustatzea da gure helburua, eta, horretarako, hitzaldi ziklo bat egingo dugu datozen hilabeteetan.
Lehenengo hitzorduan, Osakidetzako OPEen eskandalua izango dugu mintzagai. Horretarako, Rebeka Ubera –EH Bilduko legebiltzarkidea–, Karlos Ibarguren –epaimahaietan dabilen medikua– eta Jesus Oñate –LABeko ordezkaria– izango ditugu azaroaren 7an, arratsaldeko zazpietan, Kultur Etxean.
Azken urte luzeetan Eusko Jaurlaritzan egon den kudeaketa ereduaren inguruan eztabaidatu eta ezkutatu izan diren hainbat kontu argitu nahiko genituzke hitzaldi ziklo honetan, eta esan beharrik ez dago oñatiar guztiak daudela gonbidatuta.
Animatu eta parte hartu!
----------
Maddi Txintxurreta Maiztegi
Oñati